2011/01/28

Ezker Abertzalearen hausnarketa NaBairen jarrerari buruz



Gaur goizean, agerraldi baten bitartez, Ezker Abertzaleak publiko egin du NaBai koalizioarekin izandako kontaktuei buruzko hausnarketa. Honetaz gain, hauteskunde koalizioa posible egin zezakeen dokumentua aurkeztu dute Santi Kirogak, Marine Pueyok eta Txelui Morenok. Jakina denez Aralarrekoek eta Independienteen izenean jardun duten partikularrek, ez dute Ezker Abertzalearekin bilkurik egin nahi izan. EAJko ordezkariek erantzun ere ez dituzte egin Ezker Abertzaleko ordezkariek egindako deiak eta bidalitako mezuak.

Informazio gehiago: www.nafargune.info

U27 GREBA OROKORRA - Baztango behin behineko balorazioa

Beran, arratsaldean, egin zen eskualdeko manifestazioaren irudia
Mobilizazio aldetik Greba arras eraginkorra izan da Baztanen. 27aren aitzineko astetik  grebaren aldeko aldarriak non-nahi ikusten ziren gure bailaran: kartelak, pankartak, pegatak... Bertako komunikabideetan ere Grebarekin bat egitera animatzen zuten audioak eta irudiak izan ditugu. Greba egunaren aitzinetik, aurreko egunetan nola bezperan,  informazioa eman zaie bertako komerzioei. Egunean berean 50-60 lagun taldeko pikete informatiboak itzulia egin du Elizondon barna. Bailarako industriaguneetan ere ibili dira pikete informatiboak.
 Lan guzti hauek ezin daitezke gauzatu jendearen ardura, konpromiso eta inplikaziorik gabe. Gazteen presentzia nabarmena izan da. Beraien konpromisoa izan da greba egunaren konturik aipagarriena Baztanen.
Baztandar aunitz izan dira ere Iruñea eta Berako manifestazioetan.
Dexente izan dira, bai, grebarekin bat egin duten pertsona eta komertzioak baina ez Baztanen izan den Greba arrakastsua izan dela errateko bezainbertze. Behin pikete informatiboak pasatu ondotik komertzio gehienek eta enpresa aunitzek egun arrunta balitz bezala jarraitu dute lanean.
Izan dute informazionea, komunikabide guztietan izan da grebaren arrazioen berri, eskura eman zaie informazionea eta buruz-buru izan gara beraiekin egoera zein den azaltzen. Hala eta guztiz ere grebarekin bat ez egitea erabaki dute.
 Gehiago egiten ahal zen? Posible da! Gure etengabeko hausnarketa da. Baina berek, grebarekin bat egin ez duten komertziante eta langileak, ez dira inozenteak. Ez da erraz ulertzen adibidez, udaleko langileen jarrera. Asalariatua eta abertzalea den langile taldeak, beren ordezkaritza sindikalari erreparatuz gero, ez du bat egin grebarekin. Udal langile guztietatik batek bakarrik egin omen du greba. Ez da normala! Edo ez dute beren burua langiletzat hartzen, edo ez dute elkartasunaren kontzientziarik, edo uste dute bertze maila batekoak direla eta afera hauen gainetik direla....
Bertze adibide bat Construcciones Mariezcurrenako langileena da. Elkartasun ezaren adibide argia. Bertako nagusiek ez duela ordezkaritza sindikalik onartzen aspaldidanik jakina da. Kazikismoaren arrastoak. Eta bertako langile aunitzek ere sindikatuak mehatxu bezala ikusten dituztela ere bai. Alegia, nagusiaren morroi zintzo eta leialek ez dute beren mailakoekin nahastu nahi. Nagusiaren zakur leialak beti harpatuko du zer jan aspilean. Baina egoera iraultzen denean eta nagusiak morroien beharrik ez duelako kale gorrian uzten dituenean, elkartasun bila inorengana hurbiltzeko kopeta izanen dute?
Garai latzak heldu dire sektore eta maila guztietan. Bankuek eta nagusiek gure lanaren eta gure izerdiaren bizkar jarraitzen dute gizentzen. Erakundeak bankuen eta nagusi handien menpeko bihurtu dira. Elkartu behar dugu, bat egin, antolatu eta borrokatu orain arte langilegoak lortutakoa ken ez diezaguten. Etorkizun duina dugu jokoan.
Beraz eta amaitzeko gure animoa eta zoriona grebarekin bat egin duzuen Baztandar guztiei.

2011/01/27

U27 GREBA OROKORRA - Baztanen


Goizeko 11:15etako kronika: 
Goizeko zortzietan Arizkungo Ordoki industrialdean hamar lagunez osatutako pikete informatiboa lantegiz lantegi ibili da. Horietako batzuk hertsirik zeuden, bertze batzuk irekirik, eta bertze batzuk piketeak noiz pasatuko zain. Industrialde osoa geldiarazi ez bada ere, grebaren eragina nabarmena izan da. Guardia zibilak eta foruzainak piketeen gibeletik ibili dira.
 Bertzalde, Elizondon 50-60 laguneko pikete informatiboa osatu da, gehienak Lekarozko ikastetxeko ikasleak. Ikasleak ikastetxetik Elizondoko sarrerako merkatalgunerat etorri dira, eta, bertan, guardia zibilen patrolek inguratu eta horietako anitz identifikatu dituzte. Ondotik jende gehiago hurbildu da, eta, berdezkoekin solastatu ondotik, pikete informatiboak egiteko modua adostu da, horrela, Elizondon barna egin den ibilaldi informatiboan 3 patrol uneoro inguruan izan dira.  
Elizondoko denda anitz hertsirik zeuden, horietako anitz piketeak pasatu orduko, bertze batzuk berriz, piketeak pasatzerakoan hertsi dute. Komertzioari dagokionean, greba erabatekoa izan ez bada ere, goizeko inpresioaren arabera gehienek bat egin dutela erran daiteke. Banketxeei ere bisitaldia egin zaie, horietako bakar batek ere hertsi ez badu ere, informazioa banatu da, eta jendeak banketxeak lapurrak! gogotik ohiukatu du. 
Aipagarria da Renaulteko nagusiaren jokamodua, piketeei ez baitie utzi langileengana informazioa ematera joaten. Probokatzailea ere Iturralde farmaziako nagusiaren jarrera, paisanoz eta uniformez jantzitako berdezkoen babesean informazioa ematera hurbildu zaion lagun sindikalistari mehatxu eginez. Jendeak, probokazioan erori gabe komertzianteak informatzeko bere eginkizunean jarraitu du. Betiere, plaza  inguruko lanetan ari diren Mariezkurrena, Ciabar eta udaletxea bera lanean ari dira.
Greba egin duten lantegi guztiei buruzko informazioa osatzeko dago, baina bertzeren artean Giltxaurdi udal igeriluan, Francisco Joaquin Iriarte zahar-etxean, Ikastolan, Xorroxinen… greban daude. Ondoko kronikan, greban dauden lantegien berri zehatzagoa ematen ahaleginduko gara, nahiz, akaso, hobe litzateke eskirolen moduan jokatzen ari diren lantegi, saltoki eta gainerakoen  berri ematea.

Elizondoko pikete informatiboa akituta, jendea Iruñeako manifestaziorat abiatu da. Arratsaldeko 5:30etan, bertzalde, eskualdeko manifestazioa eginen da Beran; Zalaindik hasita.


U27 GREBA OROKORRA - LANGILEEN ALDE

http://urkiza.armiarma.com/EBOW/FAKSIMILAK//za_1988_1208_1.jpg
Zure aldarrikapenei ereserkia jartzerakoan musika bakarrik ez, letra ere gogoan izan dezazun, hemen sareko euskal langileei esker eskuratu dugun harribitxi bat.

2011/01/26

U27 GREBA OROKORRA

Zeintzuk neurriak hartu nahi dituzte?
• Erretiro adina 67 urtetara luzatu.

• Pentsioa izateko beharrezkoak diren kotizazio urteak handituko dituzte.

• Arautzeko oinarria kalkulatzeko urte gehiago hartuko dituzte kontuan. Orain 15 urte hartzen badira kontuan, baliteke 20 edo 25 hartzea hemendik aurrera. Honek gure pentsioak %20 edo gehiagoz murriztuko lituzke.

• Jasotzen den diru kopurua murriztu, kotizazio urteen arabera. %100era heltzeko, 38 edo 40 urte kotizaturik izatea nahi dute.

• Pentsioek eros ahalmenari eusteko betebeharra ezbatu.

Zer dakarkigu honek guztiak?
Lan merkatu prekario honetan, zatikako jardunaldiekin, aldi baterako enpleguekin eta kale gorrira botatzeko erraztasun guztiekin, praktikan ezinezkoa izango da eskatzen dituzten urte guztiak betetzea eta, hortaz, gero eta jende gehiago pentsio eskubiderik gabe geldituko da.

Zer ezkutatzen dute erreforma honen atzean?

Pentsio sistema publikoarekin amaitu nai dute, pentsio sistema pribatuen mesedetan. Bankak jarraitu beharreko bidea markatzen du eta instituzio guztiek, berdin Gasteiz Iruñea edo Madrilekoek, PSOE-PSE, PNV edo UPN buru direla ere, bat egiten dute.

Sistema publikoak ez daude arriskuan, superabita daukate. Sistema pribatuak, ordea, ez dira nahi duten negozio guztia egiten ari. Berriro ere nahi dute banka gure diruaz “salbatu”. Lapurreta hutsa

2011/01/24

Oihartzun zabala izan du larunbateko manifestazioak.


Bertako hedabideez gain Gara, Eitb, Diario de Noticias, Diario de Navarra... (guk dakigula) eman dute larunbatean Elizondon egin zen mobilizazioaren berri.
Garak eta Eitbk eskaini zioten tarterik zabalena berriari. 
Bertzalde atzo blog honetan emandako berria laburxko gelditu zenez bertze hedabidetatik hartutako hainbat kontu ekarri ditugu gurera.
  • Ehunka lagunek parte hartu zuten manifestazioan (200-250-300. Horrela eman dituzte datuak; interpretazio baikorra eginez pentsatzen ahal da batzuk manifaren hasieran egin zutela zenbaketa, bertzeek erdialdean eta bertzeek akitzean)
  • 1140 lagunek dute izena emanda Doneztebeko INEM-eko bulegoan, duela urtebete baino %8,3 gehiago.
  • Enplegua erregulatzeko espedienteek (EEE) 2000 langileengan du eragina
  • Nafarroan aurkezten diren EEE-n % 98 onartzen ditu Nafarroko Gobernuak, akordio sindikala egon edo ez.
  • Europako nekazaritza politika ez da hemengo mendialdeko baserrien babesle, enpresa multinazionalen eta esportaziorako ekoizle handien laguntzailea baizik.
  • Baztan “bizitzarik eta lanik gabeko paraje bukoliko bat izatera daraman langabeziaren espiraletik” atera behar da.

2011/01/23

200 bat lagun krisiaren aurka


200 bat lagun bildu ziren atzo goizean Elizondon “Baztanen bizi… bertan lan egin” lemapean. LAB ELA EHNE sindikatuek deitu zuten manifestaziora. Elizondoko sarrerako industrialdetik herriko plazaraino egin zuten ibilibidea. Bertan salatu zutenez egoera latza pairatzen ari da Baztan-Bidasoa zonaldea.
Baztanen langabetuen kopurua bikoiztu egin da azken bortz urteetan eta zonaldea kontutan hartzen badugu, lan egiteko moduan diren 8000 lagunetatik, 1500 bat izanen dira LEEpean eta bertze 1200 bat ezin lana aurkituz. 

2011/01/20

Hezkuntza diagnosia zuzenduta

Lehen aipatutako arazoak zuzendu eta gero hemen duzue

Sozioekonomia, Lurralde antolaketa eta Ingurugiroa, gehi Gazteria

Gure buruari jarritako epea hurbiltzen ari da eta txosten gehienak aurkezteko moduan ditugu. Ez ahaztu hauek zirriborroak direla. Idatzi hauetan topatuko duzuen informazioa, elkarrekin konpartitu, eztabaidatu, hausnartu eta aurrera begirako ildoa finkatuko duen Herri Programa sendo bat osatzeko oinarria da.
Hemen bertze hiru azterketa :

Atxiloketarik ez

Herenegun izandako polizia operazioen aurka, 19 bat lagunek batzar informatiboa egin eta gero konzentrazio bat egin zuten Elizondon. Guardia Zibila bueltaka izan zuten konzentrazioa iraun zuen bitartean.

Barka eragozpenak!!!

Arazo bat izan dugu Hezkuntza Diagnosiarekin. Badirudi okerreko artxiboa zintzilikatu dugula. Afera konpondu bitartean Hezkuntzako Diagnosirako esteka ez da martxan egonen. Barkatu sortutako nahasmendua.

Arranbela kudeatzen dugunok

Hezkuntza eta Kultura diagnosiak akitu berriak

Bertzeekin bezala, hemen dituzue bi diagnosi berri: 

Gutti falta zaigu Baztango argazki orokor hori ikusteko.

oroitu 'labean ditugu' atalean daudela orain artekoak

2011/01/18

Euskara, Osasun eta Gizarte Zerbitzuen diagnosiak zuen eskura

Urte hasieran Hirigintzari buruzko azterketa aurkeztu genizuen. Duela zortzi bat egun, txosten gehiago jarriko genituela zuen eskuragarri zabaldu genuen blog honetan. Gaur, bertze bi lan mardul eta mamitsu dituzue hemen.  Baztan hobeto ezagutu eta gero denon artean erabaki dezagun zer komeni zaion gure herriari

'Labean ditugu' atalean biltzen ditugu gure lanak

2011/01/14

“Baztanen bizi, bertan lan egin” manifestazioa deitu dute ELA, LAB eta EHNEk urtarrilaren 22an Elizondon


“Baztanen bizi, bertan lan egin” lelopean urtarrilaren 22an Elizondon eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute ELA, LAB eta EHNEk, euskal gehiengo sindikalaren ordezkari gisara. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Lur dantzalekuaren paretik. Urtarrilaren 12an Elizondoko Arizkunenean eskainitako prentsaurrean deialdia egin duten sindikatuek aipatu dutenez, “Baztanentzako etorkizun duin bat aldarrikatzeko eta Baztanek bizi duen egoera salatzeko” eginen da ekitaldia.

BAZTANGO UDALAK 2011rako AURREKONTUA ONARTU DU, IAZKOA BAINO %12,21 TTIPIAGOA

(ttipi-ttapa aldizkaritik hartutako berria)
Baztango udaletxeak atzoko udalbatzarrean 2011rako aurrekontu orokor eta bakarra onartu zuen, NaBairen aldeko 7 bozkekin eta UPNren aurkako 5ekin. Ezker abertzaleko zinegotziak legez kanpo egoterakoan ez zuten parte hartu ahal izan. Aurrekontua 8.723.034 eurokoa da, sarrera eta irteera orekatuekin eta aitzineko urtekoa baino %12,21 ttipiagoa. Kopuru horren barnean Ikastolako 622.004 euroak daude, baita zahar-etxeko 120.300 euroak ere. Gastuetako partida nagusia ohiko ondarea eta zerbitzuendako da (2.405.803 euro), ondotik, langileen gastuari dagokiona letorke (2.191.460 euro), eta, inbertsio errealena (1.831.900 euro). Sarrerei buruz, kopuru handiena ohiko transferentziena da (2.977.550 euro), zerga zuzenak berriz bigarren kopuru handiena da (1.973.000), ondotik datoz transferentziak eta bertze sarrerak (1.730.485 euro)

2011/01/12

Hausnartzen berezia

Euskadi Ta Askatasuna-ren ekimenaz eta testuinguru politikoaz Herritar Batasunak bere kidego eta oinarri sozialarentzako buruturiko hausnarketa.

2011/01/10

ETAren AGIRIA

Su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra aldarrikatu du ETAk


video
ETAren adierazpena

ETAren agiria - Ezker Abertzalearen mezua

Hilabete honen bukaeran publiko eginen dugu Baztani buruzko Diagnosia

Laster burutuko dugu Baztani buruzko diagnosia. Gure buruari jarritako epeak betetzen baditugu ilbeltzaren 21etik aitzin hemen bertan izanen duzue emaitza. Ondorio mamitsua izan duten harreman franko egin  dira. Kontaktu hauek burutzeko material dexente aztertu behar izan dute diagnosi egileek. Interesgarriak iruditzen zaizkigulako eta aipatutakoaren adibide bezala hemen dituzue hezkuntzari buruzko 3 dokumentu:

Aralarren jarrera sakonki baloratzen duen Ezker Abertzalearen Adierazpen Politikoa

Aralarrek indar metaketari emandako ezezkoaren gaineko ezker abertzalearen balorazio sakona da hau. Testuak 3 atal ditu: Aralarrekin izandako bileren testuingurua, bilera horien edukiak, eta azkenik, aurrera begira akordioak erdiesteko gure borondatearen berrestea:

2011/01/06

Arizkunen eta Gartzainen aukeratu dituzte alkateak. Mugairekoa zalantzan

Gaur goizean Gartzainen izan den batzarrean erabaki denez datozen bi urteetako alkate berrie Leontzio Irungarai izanen da. Arizkunen berriz inor aurkezten ez zela ikusirik Juan Kruz Iriartek jarraitzea erabaki du Bera izan da alkate aitzineko bi urtetan. Bertzalde jakin dugunez bilkure berezi bat eginen da gaur atsean Mugairen eta agian bertan erabaki dezakete nor izanen den alkate berrie

ARIZKUN:  Juan Kruz Iriarte
GARTZAIN: Leontzio Irungarai
BERROETA: Kiko Gartxitorena 
MUGAIREhautagairik ez 

2011/01/05

Aralarren posizio zatikatzailearen aurrean

Nafarroako ezker abertzaleak Aralarrek gaur adierazitakoaren inguruan urgentziazko hausnarketa helarazi nahi du:
Lehenik eta behin gure harridura adierazi nahi dugu Aralarrek hartu duen erabakiaren aurrean. Ez dugu ulertzen zergatik erabaki duten Nafarroako ezkertiar eta abertzale guztien arteko elkarlana baztertzea.
Aralarrek zatiketaren aldeko hautua egin du. NaBairen balizko zabalpen baten aurrean beto eskubidea adierazi eta EAJren posizioa eta diskurtsoa bere egin ditu. Gaur, eremu ezkertiar eta abertzale osoaren batuketan oinarrituta eredu politiko, ekonomiko, sozial eta instituzional berri baten aldeko hautua egiten dugun milaka lagunentzako egun tristea da.

Batzar Nagusia eta Elizondoko pintadak

Elizondon agertu diren pintadak direla eta (Amnistia ososa, Torturarik ez...) lehendik, udal plenoan onartutako idatzia aurkeztu zuen NaBaik, Batzar Nagusian. Urjentziaz tramitu zen eskaera. Horrelako gaiak Batzar Nagusira eta urjentziaz eramatea ez da NaBaien ohiko jarrera. Alderantziz, orain arte, nahiz eta ez duen lortu, saiatu izan da komunalei buruzkoak ez ziren gaiak Batzar Nagusian eztabaidatu ez zitezen. Mozioa onartu zen: 15 bozka alde 13  kontra. Eztabaida garratza eta errespetu gabea bultzatu zuten NaBaiko betiko ahoberoak. Bertzeak bertze pintadak eraikin publiko eta pribatuetan egin izana salatzen zen idatzian. 9000 euroko kostua izanen omen du  izugarrikeri honek. Pintadak aldarrikatzen zutenari buruz ez zuten eztabaidatu nahi izan, baina entzun behar izan zuten ixildu nahi zutena.

Batzar kide berriak Batzar Nagusian

Datozen lau urteetarako junteroak hautatu ziren gan den eguneko Batzar Nagusian:

Baztangoiza: Jon Alkasena  * Elizondo: Mattari Plaza * Erberea: Bittor Elizagoien * Basaburua: Antonio Barrenetxe

Mesedegarria litzateke baztandarrendako aitzinekoek baino kriterio gehixeago izatea. Zaila ez badute ere onartu behar da ez direla hauek lan errazak.

Ordenantza berriek onartu dira

Azken Batzar Nagusian Ordenantza berriek onartu dira. 21 bozka ordenantza berrien alde eta 9 bozka kontra. Bozketa sekretua izan zenez ez dago zehazki jakiterik nork bozkatu zuen alde eta nork kontra. Oronoz, Arraioz eta Mugaireko alkateek, beren herrietako batzarreen manatua kunplituz, kontrako jarrera azaldu zuten. Iruritakoa ez zen arbi gelditu. Ordenantzak berritzeko prozesuan izan diren jarrerak ezagututa pentsatzekoa da NaBai eta UPNko zinegotziek alde bozkatuko zutela eta bertze Batzar Nagusietan erakutsi duten bezala kuarteletako junteroek ere udal ordezkariekin bat eginen zutela. Ez omen zen abstentziorik edo bozka zuririk egon. Norberak atera ditzala bere kontuak.
13 udal zinegotzi + 15 herri (Elbetek ez zuen ordezkaririk) + 4 juntero kuartel bakoitzeko bana
30 lagunek osatu omen zuten Batzar Nagusia, Ez dakigu nork hutsegin zuen

Alkate berria Berroetan

Kiko Gartxitorena izanen da datozen bi urtetan Berroetako alkate berria
Beraz alkateen zerrenda berritua hau da :

ANIZ: Asier Maritorena Azkarate
ALMANDOZ: Luis Roldan Astiz
AMAIUR: Julian Rekalde Irigoien
ARIZKUN:  hautagairik ez (errege egunean berriz batzarra)
ARRAIOZ: Xotero Etxandi Juanikotena
AZPILKUETA: Miguel Mari Ariztia Mendiburu
BERROETA: Kiko Gartxitorena 
ELBETE: Peio Goienetxe Istilart
ELIZONDO: Xabier Torres Letona 
ERRATZU: Xabier Ospital Agerrebere
GARTZAIN: hautagairik ez (errege egunean berriz batzarra)
IRURITA: Peio Obregozo Istilart
LEKAROZ: Jesus Angel Garcia Jimenez
MUGAIREhautagairik ez (errege egunean berriz batzarra)
ZIGA: Pablo Zenoz Garaikoetxea

2011/01/03

Baztango Hirigintza azterketa

Arranbelako ‘labean ditugu’ atalean aintzinatu genizuen bezala Baztango diagnosia, azterketa, argazkia… lantzen hasi ginen duela aste batzuk.
Lan hau burutzeko zenbait lagun eta laguntaldeekin izan ditugu hitzorduak. Elkarrizketa hauek beren lehen emaitza izan dute. Hemen duzue HIRIGINTZAri buruzko lehen  zirriborroa.
Bi ohar: kontutan izan alde batetik Hirigintza Lurralde Antolaketaren atala izanik bertze txosten batzuk izanen dituela osagarri: nekazaritzakoa, ingurugiroakoa…. Eta bertze aldetik gogoan izan hemen egungo egoeraren argazkia edo perzepzioa bildu nahi izan dugula. Ondotik etorriko da, honen gaineko hausnarketa egin eta gero, proposamenak eta aterabideak zehazteko unea. Elkarrekin adostutako ekimenak Herri Programan bilduko ditugu eta hau izanen da datozen 4 urtetarako Ezker Abertzalearen herri mailako gida eta erreferentzia.