2012/03/30

OSASUNA ETA KARTZELARI BURUZKO SOLASALDI INTERESGARRIA.


Baztango Herrira ekimenak antolatuta eritasun larri edo sendaezinak dituzten euskal preso politikoei buruzko solasaldia egin zen asteazkenean. Mikel Urra medikuak eta Ohiana Barrios psikologoak espetxe sistema euskal preso politikoen osotosunaren kontra diseinatutako politika suntsitzailea dela adierazi zuten. Torturak, isolamenduak, bizi osoko zigorrak -parot doktrina-, erienganako utzikeria, mediku arreta eskasa... hizpide izan zituzten. Momentu honetan eritasun larriak edo sendaezinak dituzten hamabortz preso daude, horietako bat Iñaki Erro Elizondarra. Orain bi hilabete bihotzekoa izan zuen eta hiru arterien oklusioa irekitzeko bertze hainbertze step paratu zizkioten. Iñaki Errok 25 urte ditu kartzelan eta orain bi urte kalean egon behar zuen, baina Parot doktrina ezarri eta kartzelaldia bertze zazpi urtez luzatu diote.
Solasaldian hogei lagunek parte hartu zuten eta galdera-erantzunen tarte interesgarria egin zen.
Modu berean, larunbatean Iruñean eri diren presoen askatasuna galdegiteko eginen den manifestazioarat joateko deia egin zuten.

2012/03/29

GREBAKO ALDARRIAK BAZTANEN





Gaurkoa greba egun arrakastatsua izan da Baztanen eta aldarrikapenen artean argazkietan dituzuenak ikusi ahal izan ditugu. Elizondoko plazan ateratako argazkiak dira.




Bertzalde grebaren jarraipenari buruz erabatekoa izan da Baztanen, alta, HiperSimplyk, Galarragik, Ruizek, Belzunegik eta Adelak Elizondon eta Oronozen Oskorrik ez dute hetsi, gainerako guztiek bai.
Modu berean atsaldean Donezteben egin den eskualdeko manifestaldirat lagun talde bat bizikletaz joan da. Akitzeko ezin aipatu gabe utzi atsalde osoan izan den zakurren presentzia itogarria.

GREBA OROKORRA, OROKORRA IZATEN ARI DA BAZTANEN




 Ehundaka herritarrek "Bertze eredu sozial bat posible da" aldarrikatuz manifestaldia egin dute Elizondoko karriketan barna. 
Ordurako goizeko pikete informatiboek beren itzulia egina zuten eta inguruko lantegi, tailer eta saltoki guztiak hetsirik zeuden. Modu horretan, manifestaldiak, erabateko jarraipena izaten ari den greba orokor deialdia borobildu du. 
Manifestaldia Baztan eta Malerreka mailakoa izan da eta 500 lagun inguruk parte hartu dute; tenore berean, Beran, Bortziriak mailakoa egin dute, eta han ere ehunka lagun izan dira. Elizondokoan gatazka sozial desberdinen isla diren ikur eta banderak atera dituzte: feministak, ekologistak, gorriak, komunistak, presoen etxeratzearen aldekoak... Lehendabiziko aldia da halako ikur pila atera dena eta kolore aunitz emateaz gain, gatazka sozialaren dimentsio desberdinak agerian gelditu dira.

Azkenik, datu ulergaitz modura ELA sindikatuak Iruñearat joateko Baztanesako autobusa kontratatu duela aipatu daiteke. Greba egunean sindikatu batek bertze langileak lana eginaraztea ez da inondik ere ulertzen ahal.

Manifestaldia Elizondoko plazan akitu da eta bertan agiri hau irakurri dute:
Gaurko greba orokor honekin banketxeen, enpresarien eta politikarien inposizioaren kontrako izan beharko lukeen borroka baten hasmenta abiatu dugu. Hauek dira urteetako gatazken ondotik lortutako eskubideak urratzen ari direnak. Langile klaseak urteetan gizarte berdintasunaren alde borrokatuz lortutako eskubideak hain zuzen ere.

GREBA EGUNA SEKULAKO JARRAIPEAN IZATEN ARI DAN BAZTANEN


Langileen eta herritarren haserrea azkeneko lan erreformari buruz, baina orokorrean krisiaren ordainketari buruz agerikoa eta nabarmena izaten ari da. Goizeko 8etan pikete informatiboak Ordokiko industrigunean barna ibili dira, eta azkeneko greba deialdietan ez bezala bertako tailer guztiak eta ostatu-jatetxeak hetsirik zeuden. 15-20 laguneko pikete taldea ibili da soinua eta barrunba sartuz momentuoro Guardia Zibila gibelean zutela.
Goizean pikete taldea Arraiozko Hipersimply merkatalgunean egon da zuzendariarekin eta langileekin solastu ondotik saltokia hetsi dute. Bertzalde, 9etan ikasle talde bat ikastetxetik Elizondorat abiatu da eta BMn Ordokin pikete gisa aritutako herritarrekin elkartu dira Elizondoko komertzioetan barna itzulia egiteko. Elizondoko piketeak informazioa lanak hasiak dituela, komertzio gehienak hetsirik badaude ere, momentuz irekirik daudenak: BM, Dia, Axular eta Artesana; eta Renaulten atea hetsita lanean ari dira.

Bertzalde, goizeko lehen datuen arabera Baztanen greban diren lantegiak eta guneak hauek lirateke: Marmoles del Baztan, Harri Lan, La Baztanesa autobusak zerbitzu minimoekin, Lekaroz-Elizondo sahiesbideko eta Lekarozko eskola zaharreko obrako langileak, Baztango udaletxea eta kultur etxea, Xaloa telebista, Xorroxin irratia, Giltxaurdi kirol instalazioak, BKZko monitoreak, Franzisko Joaquin Iriarte zahar etxeak zerbitzu minimoak; Betiko, Azkarate ikuztegia eta Loizu hiltegia. Elizondoko osasun etxea ere zerbitzu minimoetan. Aipatu modu berean ortzeguneko merkaturik ez dagoela

Hezkuntzari buruz greban diren ikastetxeak: Baztan Ikastola, Baztango herrietako eskola guztiak (Almandoz, Oronoz, Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Gartzain, Arraioz eta Ziga), Elizondoko eskola eta Baztango haur eskola.  Lekarozko ikastetxean irakasleen %82 greban dago. Guttienezko zerbitzuak ematen dituzte guzietan.
Ikasleak %100ean ez dira agertu Lanbide eskolan eta Lekarozen 4 ikasle agertu dira.   

2012/03/28

ESKOLETAN GREBA


Momentuz ailegatu zaigun informazioaren arabera, herrietako eskoletan klaustrokide guziek bat egin dute grebarekin, hau da, %100. Baita Urdazubi-Zugarramurdiko eskolek ere.
Elizondoko eskolan ere, grebarekin bat egin dute irakasle guziek.
Ikastetxe guzietan guttiengo zerbitzuak izanen dira, legeak hala agindua.

ELIZONDOKO OSASUN ETXEKO LANGILEAK GREBAREN ALDE


Gaur goizean Elizondoko osasun etxeko langileek osasungintzako murrizketen aurka eta biharko greba orokor deialdiarekin bat eginez hamar minutuko elkarretaratzea egin dute. "Osasunbidean murrizketarik ez! M29 greba" lelopean osasun zentroko arlo desberdinetako langileak elkartu dira.


2012/03/27

ZAINTZA ERE GREBAN


Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa martxoaren 29ko grebaren dealdiarekin bat egin du eta  "zaintza grebara" deitu. Honen bidez , etxeko lanei eta zaintzari, gehienetan  emakumeak egiten dituztela, nahiz eta balio ez eman lana dela aldarrikatu nahi dute. Horregatik, deitzen dituzte emakumeak egun horretan ez garbitzera, janariak ez prestatzera, ez zaintzera.

GREBA EGINEN DUTEN LANTEGIAK


Ortzeguneko greba orokorrari buruz Arranbelak jarraipen berezia eginen du eta egunean bertan Baztanen gertatzen diren informazioak etengabe eguneratuko ditu. Eginahal horretan oraingoan  greba orokor deialdiarekin bat eginen duten Baztango lantegien behin behineko zerrenda eskaintzen dizuegu, gelditu gabe osatzen ari dena. 


Momentuz hauek baieztaturik daudenak:
Marmoles del Baztan, Lekaroz-Elizondo sahiesbideko langileak, Lekarozko eskola zaharreko obrakoak, Baztango udaletxea eta kultur etxea, Harrilan, Ziabar, Xaloa telebista, Xorroxin irratia, Giltxaurdi kirol instalazioak, BKZko monitoreak, Baztan Ikastola, Baztango haur eskola; Franzisko Joaquin Iriarte zahar etxeak eta Baztanesak guttieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.
Eskualdeari buruz lantegi handi guztiek geldialdiarekin bat eginen dute:
Arcelor, Zalain Transformados, Funvera, Savera, Alco, Composites Gurea, Talleres Zelaieta; Bera, Lesaka, Igantzi eta Arantzako udalak zerbitzu minimoak,

 Greba eguneko kontakizunea Arranbela lagundu nahi baduzu aski duzu arranbela@gmail.comerat idaztea.

GREBAKO KARTELENGATIK IDENTIFIKATUA


Atzo gaueko 20:30ak  aldera Guardia Zibilak Iruritako gazte bat herriko plazan grebako kartel bat paratzen ari zela geldiarazi eta identifikarazi zuen. Poliziek ere gaztearen autoa miatu zuten. Greba eskubidearen kontra estatuaren eta kapitalaren ordezkari desberdinek egiten dutena aski nabaria da; horren aitzinean, murrizketen eta laneko erreforma basatien aurka inoiz baino erantzun sendoagoa eman behar da.

Bertzalde atzo gozieko 11ak aldera Arraiozko biribildunean GAR taldeetako Guardia Zibilien kontrola zegoela.

KARTZELA ETA OSASUNARI BURUZKO SOLASALDIA


Baztango Herrira ekimenak “kartzela eta osasunari” buruzko solasaldia antolatu du asteazken honetarako – martxoaren 28-. Mintzaldia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean eginen da, atsaldeko 8etan eta horri buruz gehiago jakiteko Daniri elkarrizketa ttipi bat egin diogu.
  
Osasuna eta kartzela solasaldia zergatik antolatu duzue?
Gaur egun eritasun sendaezin edo larriak dituzten 15 euskal preso politiko daude kartzeletan. Espetxean egonda ez zaie ematen ahal heuren eritasunek eskatzen duten atentzio eta zaintza egokiak, kontrakoa baizik; ez zaie behar duten segimendu medikua egiten, ezin dute jarraitu behar dituzten dietak, konfiantzazko medikuei trabak paratzen zaizkie preso gaixoak bisitatu ahal izateko e.a.. Kartzelan dauden preso gaixoen egoera azaltzeko antolatu dugu solasaldia.

2012/03/25

EHUNDAKA JENDE IRURITAKO EUSKARAREN EGUNEAN


Iruritako gazteek antolaturik Euskararen eguna egin zuten atzo herrian. Egun osoko musika, dantza  eta  bertso egitaraua antolatu zuten, eta eguraldia lagun, ehundaka jende hurbildu zen gizarte etxearen inguruetara. Ekitaldien artean aipatzekoa Iñaki Aleman,  Amets Arzallus eta Julio Sotoren saioa. Horren ondotik, Ande Duhalderen emanaldia etorri zen eta gauean lehendabiziko aldiz gizarte etxeko areto nagusiak gainezka egin zuen. Kanturik ezagunenak eskaini zituen, tartean, bukatzeko Amnistiaren dema. Afari tenoreko geldialdiaren ondotik kontzertuen bigarren zatia etorri zen. Erratzuko Ufestuek taldeak aspaldiko emanaldi ederrena egin zuen, oholtza gainean xarmanki moldatu ziren eta beren kantutegiko abestien errepaso ederra egin zuten. Segidan Bizardunak taldekoen txanda etorri zen, Irlandako folk aire bizi eta dantzagarriak zuzen, indartsu eta modu zoldatsuan eskaini zituzten, alimaleko parranda giroa muntatuz. Akitzeko Trikidantzekoek berandu artio jende guztia dantzarazi zuten. Alta, atsaldean herriko dantzarien emanaldia izan zen eta haurrendako ere ipuin kontalariak ekarri zituzten.  
Euskararen aldeko egun zinez paregabea izan zen.



 Argazkiak: Erregerena anaiak




I

2012/03/24

JENDE AUNITZ HAZIEI BURUZKO SOLASALDIAN


Udaletxeko ingurugiro batzorde irekiak aste honetan antolatu dituen solasaldietan atzo azkenekoa, hazien ingurukoa, egin zen.
Nafarroako Hazien Sareko Esther Montero biologoa eta Gorka Menendez ingurugiro zientzietan lizentziaduna berrogei eta hiru lagunen aitzinean aritu ziren solasean.

2012/03/23

AROZTEGIA. ESPEKULAZIOA GELDITU


Aroztegia eta gero zer? taldeak informazio orria banatu berria du etxez etxe, gai hauekin :
  • Aroztegia eta Iruzurra
  • Aroztegia 800 pertsonako herria
  • Aroztegia eta krisi ekonomikoa
  • Herri galdeketa errespetatu.

Hemen duzu osorik irakurtzeko aukera.



2012/03/22

PROZESU PARTEHARTZAILE ARRAKASTATSUA

Baztangoizakoaren ondotik, Basaburuako eta Erbereako kuartelak bildu dira azkeneko bi egun hauetan Udal Plan Orokorraren lehendabiziko batzarrean. 

Bihar Lekarozen bilduko dira Lekaroz-Elbete eta astelehenean Elizondo.

Foroa asteartean izanen da, lehendabiziko itzulia akituz.


ESKUARAREN EGUNA IRURITAN


Heldu den larunbata 24ean Iruritan eginen den Eskuararen egunaren harira, antolatzailea den Gorka Urtasunek egunari buruzko eta antolatzeari buruzko azalpen eman ditu, jendea animatzearekin batera.


Nola gogoratu zaizue eskuararen eguna antolatzea? Egitarauan ikuskizun eta hitzordu aunitz dituzue...

Lau gazteren ideia izan da egia erran.  Gogoa ginuen zerbait polita antolatzeko herrian eta pausuz pausu erabakiak hartzen eta gauzak lotzen joan ginen azkenean prestatu dugun egitaraua lotu arte.

2012/03/21

KONTSERBEN IKASTAROAK ERANTZUN ONA IZAN DU


Otsondo barride elkarteak eta EHNE sindikatuak elkarlanean antolaturiko ikastaroa dagoeneko akitu da.  Martxoan zehar Amaiurren burutu den kontserbei buruzko ikastaroa arras praktikoa eta arrakastatsua izan da.  30 bat orduz 20 partehartzaileek, hainbat pateren prestatzeaz gain, barazkiak eta frutak kontserban jartzeko praktika egokiak eta intoxikazioak ez gertatzeko kontutan hartu beharreko garbitasun kontuak ikasi dituzte. 
Oraindik baloraziorik egin ez bada ere, jendeak kontent ematen zuen ikasitako gaiekin, irakaslearekin eta sukaldearekin.   Irakaslea Maite Angoitia bizkaitarra izan da eta hura ere pozik agertu zen bertan aurkitutako giro on eta ikasleek zuten laneko prestutasunarekin. 

ENERGIEN INGURUKO SOLASALDI INTERESGARRIA


Atzo iluntzean energia berriztagarrien eta “Energia gara” energia kooperatibaren inguruko solasaldia egin zen Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Mintzaldia Alejandro Arizkunek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta Miren Meokik, Hirusta ingurumen hezkuntza enpresako kideak eskani zuten. 

Saioa Baztango udaletxeko ingurugiro batzorde irekiak antolatu zuen eta hogei eta hamar lagun hurbildu ziren.

Oroitarazi bertzalde heldu den ortziralean udaletxeko ingurumen batzorde irekiak antolatutako bertako hazien inguruko solasaldia eginen dela. Gaueko 8:30etan Arizkunenean.

2012/03/20

BAZTANGO UDAL PLANAREN LEHENDABIZIKO BATZARRA.


Gaur, asteartea, izan da Udal Hirigintza Plan Orokorra osatzeko prozesu partehartzailaren lehendabiziko batzarra, Baztangoizan.
20 bat lagun hurbildu dira eta han aurkeztu dute prozesuaren nondik norakoa eta ondoko batzarran solastuko denaren gida banatu.
Ondoko egunetan izanen dira bertze kuarteletako batzarrak:
  • 21a: Basaburua (Berorroetan)
  • 22a: Erberea (Iruritan)
  • 23a: Lekaroz-Elbete (Lekarozen)
  • 26a: Elizondo (Arizkunenean)

NABAI ETA ELIZONDOKO PLAZAREN AZPIJOKOA


Aitzineko legealdian NaBairen agintepeko Baztango udalak Elizondoko plazaren proiektu eztabaidagarria egin zuen. 
Orain gutti Nafarroako administrazioarekiko auzi epaitegiak, lehiaketa mahaian izandako akatsengatik proiektua idazteko eta lanak zuzentzeko lehiaketa baliogabetu du.  Kurioski, lehiaketa mahairat deitu ez zituztenak iritzi propio eta kualifikatua zuten, ze kasualitatea.
Lotura honetan berriaren inguruko argibide gehiago dituzue. 


LAN ERREFORMARI BURUZKO SOLASALDIA GARBIÑE ARANBURUREKIN


Lan erreforma azaltzeko LAB sindikatuak eskualde mailako solasaldia antolatu du Garbiñe Aranbururekin, LAB sindikatuaren ekintza sindikaleko arduradun nazionalarekin.  Solasaldia martxoaren 24an, goizeko 11:30etan izanen da, Lesakako udaletxeko batzar gelan. 


Koldo Saenzi, eskualdeko LAB sindikatuaren koordinatzaileari solasaldiari buruzko xehetasunak galdegin dizkiogu:

2012/03/19

PARISKO KOMUNAREN URTEURRENA


1871ko martxoaren 18an Parisko komuna eratu zen; orduko agintea irauli eta lehendabiziko aldiz langile eta herritarren boterea ezarri zuten
Bi hilabetez iraun zuen eta garaiko indar erreakzionarien eskuetan akabera trajikoa ezagutu zuen. 

Honatx informazio gehiago: Parisko komunaren urteurrena

2012/03/16

BAZTANGO UDALAK PLAN OROKORREAN PARTEHARTZEKO DEIALDIA EGIN DU


Udal Plana osatzeko prozesuan parte hartzeko deiladia egin du Baztango udal gobernuak.
Prentsa agerraldian txosten honen garrantzia azpimarratu du eta hortarako hausnarketa eta analisia egiteko gune bat eskeini, bertan denen iritzia bildu ahal izateko.
Kuarteletako Batzarrak ondoko astean hasiko direla eta, bertara hurbiltzeko deialdia egin du udalak, hala nola, telefonoz egiten ari diren inkesteei erantzuteko konbitea ere.
Hauek dira ondoko asteko deialdiak:
20an: Baztangoiza (Amaiurren)
21an: Basaburua (Berroetan)
22an: Erberea (Iruritan)
23an: Lekaroz-Elbete (Lekarozen)
26an: Eliozondo (Arizkunenean)
27an: Foroa (Arizkunenean)
Hemen irakurritakoa

ISIDRO ESNAOLAREN SOLASALDI ARRAKASTATSUA


Isidro Esnaola ekonomilariak krisi kapitalista eta ezkerreko alternatibak solasaldia eskaini zuen atzo gauean Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Hitzaldia Baztango Ezker Abertzaleak antolatu zuen eta 27 lagun inguru hurbildu ziren bertara. Oraingo krisi ekonomikoaren jatorri eta ezaugarrietan sakondu zuten, finantza krisiaren jatorrian, bilakaeran eta hori ekonomia errealerat nola leku aldatu den aztertuz. Ondotik, testuinguru horretan boterearen proiektua zein den azaldu zen eta horren aitzinean, ezkerreko alternatibaren oinarriak aurkeztu.

ESKUALDEKO SINDIKATUEN AGERRALDIA

Baztan-Bidasoaldeko ELA eta LABek martxoaren 29ko greban parte hartzeko deialdia egin dute. Martxoaren 22an auto karabana eginen da Arizkun eta Bera artean eta greba egunean atsaldean manifestazioa Donezteben. Goizean Elizondon eginen da ere, zenbait eragilek deitua.
Hemen horren berria.

2012/03/15

KONTSUMO TALDEAREN ADIBIDEA IRUÑERRIAN


Kontsumo talde bat sortu du EHNEk Iruñerrian. Etxetik hurbil ekoiztutako produktuak eskeintzen ditu taldeak astero. 
Baztanen ingurugiro batzordean ere solastu da gai honi buruz.
Hementxe erreportajea : barazki saskia asteartero

2012/03/14

BAZTAN-BIDASOALDEKO HAUTETSIAK GREBAREKIN BAT


Espainiako Gobernuak onartutako Lan Erreforma langilearen kontrako eraso bortitza delakoan, martxoaren 29ko greba deialdiari babesa eman diote Baztan-Bidasoaldeko hainbat alkate eta zinegotzik, Berako Beralandetan egindako agerraldian.Greba deialdiarekin bat egin dute eta egunotan mozioa eztabaidatzen eta onartzen ari dira udalez udal.

2012/03/12

GILTXAURDI KUDEATZEKO ENPRESA PUBLIKOA SORTUKO DU UDALAK


Azkeneko hilabeteetako berripaper elektronikoetan jakinarazitako moduan, Baztango BILDUk Giltxaurdi kirol instalazioak kudeatzeko enpresa publikoaren aldeko apostua egina zuen.
Prozesu horretan urrats erabakigarria emanen dute aste honetan eginen den udalbatzarrean,
eta horren berri emateko udal gobernua osatzen duten BILDUk eta Ezkerrak prentsa aitzineko agerraldia egin dute gaur.
Hona hemen bertan irakurritakoa.

Eta hemen prentsan berriak izan duen oihartzuna: Ttipi-ttapa, gara, diario vasco eta diariode noticias




INFO BAZTAN-BIDASOA


LABek Baztan-Bidasoan atera duen azken IRAULI aldizkaria duzue hemen. Hau duzue aldizkariaren edukia:
  • Editoriala
  • Gertakizun larriak Arraiozeko Nafar-Mendin
  • Martxoak 8
  • Kuba, Iraultzaren lorpenak
  • Merkataritzako langileak borrokan
  • Ekarrizketa Sinn Feineko kide den Alex Maskey-ri
  • Martxoak 3, memoria eta justizia
  • Mugimendu feministaren historia
  • Joxepa Arregi eta Blanca Antepara

2012/03/11

BILDUREN BERRIPAPER ELEKTRONIKOA


Bilduk bere otsaileko berripaper elektronikoa atera zuen joan den astean: Otsaileko berripapera
Hauek dira udaletik heldu zaizkigun berriak:
  • Giltxaurdi udal kirol instalazioak kudeatzeko enpresa publikoa
  • Ingurugiro batzordeko solasaldiak
  • Almandozko harrobiaren afera
  • Zaborren batzordea martxan
  • Baratzeen egitasmoa
  • Herritarren parte hartzea eta Udal Plana


2012/03/10

HONDAKINEN BATZORDEKO BILERA DEIA


Eguna: Martxoaren 13a, asteartea
Ordua: 19:00
Lekua: Baztango Udaletxea

Gai zerrenda:
1.- Ikasleentzako tailerrak
2.- Ordenantzak: etxebizitzak.
3.- Organikoaren tratamentua.

2012/03/09

150 IKASLE MARTXOAREN 8KO ELKARRETARATZEAN


Emakume langilearen nazioarteko eguna dela eta, Lekarozko ikastetxeko ikasleek elkarretaratzea egin zuten atzo, martxoaren 8an, atsedenaldian; denetara 150 ikasle inguru bildu ziren eta  ondotik, “Izarren argia” dokumentala ikusi eta haren gaineko eztabaida egin zuten. Filmea Saturrarango emaztekien kontzentrazio eremuaz ari da, gerra ondoan agintari frankistek egin zuten kontzentrazio eremuaz hain zuzen. Eztabaida bideratu eta laguntzeko irakasleen laguntza izan zuten.
 
 Bertzalde, gaur ere, Lekarozko ikasleek “ikasleen eskubideen alde” lelopean bertze elkarretaratzea egin dute, ordu beran. Hemen ere bertze hainbertze bildu dira.

ANTZERKI EMANALDI ARRAKASTATSUA GAZTETXEAN


Martxoaren 8ko ekitaldien barnean atzo gaztetxean “Nahaste borrostri” antzeslana eskaini zuten. Sexua eta maitasuna hari gisa hartuta pieza desberdinez osaturiko lana eman zuten. Bakarrizketak, klownak eta adierazpen era desberdinak erabiliz ikusleen arreta eta irri ajatak eragin zituzten. Bertaratu zirenek ikuskizun ederraz gozatzeaz gain, emanaldiaren aitzinean txokolate beroa eta bizkotxoa dastatu zituzten eta ondotik pintxoak. Adin desberdinetako jende aunitz hurbildu zen eta, horrek, antzeslan paregabearekin aho zapore ezin hobea utzi zuen.

Martxoaren 8ko ekitaldien barnean gaur tailer bat eginen da: “ikusezina ikusaraziz: neska edo mutila izatearen ondorioa". Lantegia gaztetxean eginen da atsaldeko 6etatik 9ak biztartean.

2012/03/08

TOKIKO EKONOMIAREN ZERBITZURA DAGOEN HILTEGIA

Baztango Loizu hiltegiaren bideragarritasunaren eta egitasmoaren izaeraren inguruko eztabaidan sakontzeko, Bizkaiko Durangaldeko Erralde hiltegiaren esperientzia interesgarria izatean ahal da. Lotura honetan informazio interesgarria duzue: Erralde hiltegia

ZE SOZIALISMO NAHI DUGU?

Iñaki Gil de San Vicente pentsalari marxistak Euskal Herriaren askapen prozesuan txertaturik dagoen egitasmo sozialistaren gaineko gogoeta interesgarria egin du: 
XXI. mendeko Euskal herrirako sozialismoa.

2012/03/07

BAZTANGO UDAL PLAN OROKORRA OSATZE PROZESUA. HERRITARREN PARTE-HARTZE PLANA


Udal Plana osatzeko prozesu partehartzailea abiatu zen Baztango herrietako argazkien eta datuen erakusketa batekin, gaur egun Elizondoko Plazako eraikinean dagoena.
Horren ondotik Batzarrak eta Foroa izanen dira, baztandarren iritzia biltzeko eta eztabaidatzeko.
Batzarrak kuartelka eginen dira, eta hauek izanen dira lehendabizikoak, denak martxoan eta atsaldeko 19:00etan:
  • 20: Baztangoiza (Amaiurren)
  • 21: Basaburua (Berroetan)
  • 22: Erberea (Iruritan)
  • 23: Lekaroz-Elbete (Lekarozen)
  • 26: Elizondo (Arizkunenean)
  • 27: Foroa (Arizkunenean)

Hauetaz aparte 012-infolocal zerbitzuaren bidez telefonoz inkestak eginen dira, informazio gehiago biltzeko. Inkesta erantzuteko herritarren inplikazioa eta kolaborazioa eskatu du udalak, ahalik eta iritzi gehien hartu ahal izateko.

Eskuorriak irakurtzeko, klikatu:

BAZTANGO UPNkoek EGINDAKO PRENTSA AGERRALDIARI ERANTZUNA


Baztango Udaleko Gobernu Taldeak (Bilduk eta Baztango Ezkerrak) komunikatu bat atera du baztango UPNk agerraldian errandakoari erantzunez.
Halaxe dio hitzez-hitz: 

UPNek egiten duen politika komunikabideetan titularrak bilatzea bertzerik ez da. Lehenik bilgarria prestatu eta ondotik bete. Poltroietatik, zesantietatik eta administrazio kontseiluetako dietetatik bizi direnen ohiko jokatzeko modua.

HIRU PRESO POLITIKO NAFARRETIK BAT ETXETIK 900 KM-TIK GORA BETETZEN ARI DA BERE ZIGORRA


Ostiralean, martxoak 16, preso politikoen senitartekoen delegazio batek agerraldia izanen du Nafarroako Parlamentuan sakabanaketari buruzko lan-bilkura batean. Hori dela-eta, “Herrira” mugimenduak txosten bat prestatu du, Nafarroan sakabanaketak dituen eraginak biltzen dituena.

Hementxe irakurtzen ahal duzue txostena
Bertan euskal preso politikoen kolektiboari aplikatzen zaizkion salbuespen-neurriak adierazten dituzte eta zenbait datu, guzi hauekin akitzea eskatuz.
  • %31 900 km baino urrunago dago, 
  • %44 700 km-tik haratago
  • %66 500 km baino urrunago.
  • Lau preso nafarrek gaixotasun larriak dituzte, 
  • Zazpik zigor osoa bete dute, 
  • 10ek zigorraren ¾ bete dituzte (edo 2/3)
  • Hamar preso bakartze-moduluetan daude eta bat bakarrik dago Tarascon-eko kartzelan.

Martxoaren 31ko manifestazioa izanen da Iruñean, hau dena aldatzea eskatzeko.


2012/03/06

INGURUGIRO BAZTORDEAK ANTOLATUTAKO SOLASALDIAK


Ingurugiro batzordeak antolatuta,martxoan bi solasaldi izanen dira Baztanen:
             
Martxoaren 20an: Energia alternatiboei buruzko hitzaldia 
eta “energia gara” kooperatibaren aurkezpena.
  • Lekua:Arizkunenea kultur etxean.
  • Ordua:Atsaldeko 19:00etan.
  • Hizlariak:Alejandro Arizkun eta Miren Meoki.


Martxoak 23an: Nekazal eremuan, tokiko haziak mantentzearen garrantzia-
Landareen erabilerak Euskal Herrian.
  • Lekua:Arizkunenea kultur etxea.
  • Ordua:Atsaldeko 20:30etan
  • Hizlariak:Esther Montero eta Gorka Menendez.

EUSKARAZ EROSO, NONAHI, NOIZNAHI ETA BETI!


Euskaldunek euskaldun gisa aritzeko ditugun zailtasunei aitzin egiteko konplexurik gabe, TELP tailerra antolatu du Baztango Udalak.
NON: Arizkunenean
NOIZ: Martxoaren 30ean, 17:00-20:00 - Martxoaren 31n, 09:30-14:00
Izen-emateak martxoaren 20 arte Baztango Udaletxean, 948 580 006 telefonoan

Zer da TELP?
(Taller d’espai Lingüistic Personal)

2012/03/05

ELIZONDO HERRIKO BATZARRA


Heldu den iganderako batzarrerat deitu du Elizondoko herriak.
  • NOIZ: 2012ko Martxoaren 11, Igandea 12:00tan 
  • NON: Elizondoko Herriko Etxean

Deialdia irakurtzeko: Elizondoko Batzarra



ERNESTO ALCALA MECORA LEKU ALDATU DUTE


Gaur jakin ahal izan dugunez, Ernesto Prat euskal preso politiko elizondarra Madrilen dagoen Alcala Meco espetxerat leku aldatu dute. Orain artio, Frantziatik Espainiaratu ondotik, Soto del Realen kontu dute; ortziraletik leku aldatze prozesuan zegoen eta ez zen haren inguruko inongo berririk, horrek senideen eta ingurukoen artean ezinegona sortua zuen. Baina erran bezala, gaur jakin ahal izan denez Alcala Mecon dago.

Hau duzue bere helbidea:

MADRID II (Alcalá) Gizonezkoak
Centro de Cumplimiento
Carretera de Meco, km. 5
28.870 Alcalá de Henares
Madrid España



ALBERTO LADRON ARANAREKIN SOLASEAN GAZTETXEAN


Idazleekin solasean ekimena hontakoan Gaztetxean izan zen. Han bere nobelaz te bertze zenbait kontuetan aritu zen Alberto Ladron Arana giro ederrean. 


Ondokorako TWIST nobela hautatu da, Harkaitz Canorena , eta Erratzun izanen da Maiatzaren 10ean. Liburua eskuratu nahi duenak helbide hontan eskatzen ahalko du: idazleekinsolasean@gmail.com


2012/03/04

ERNESTO ASKATU!!!


Larunbatean egin zen manifestaziorat 350 bat pertsona hurbildu zen Ernesto Prat Elizondarra libratzea eskatzeko. Joxemiel Gaztelu eta Iñaki Erro ere gogoratu zituzten eta guzi hauen beharra prozesu politikoan parte hartzeko.
Jazarpen polizialarekin akitzeko eskatu zen.