JAZARPEN JUDIZIALA SALATU DUTE MANU AIERDIK AROZTEGIAKO PROIEKTUA BABESTEN ZUEN BITARTEAN

Prentsa agerraldia egin du Aroztegia eta gero zer? plataformak 7 baztandarren kontra Palacio de Arozteguia S.L. enpresak jarritako demanda salatzeko. 30 bat pertsona hurbildu dira babesa emateko. Horren bitartean manu Aierdi kontseilaria enpresako kideekin batean Aroztegiako lurrak ikusten aritu da eta proiektua publikoki babestu.

Joan den ortziralean Palacio de Arozteguia S.L enpresak, prentsaurreko batean egindako adierazpenengatik zazpi baztandarren aurka  jarritako demanda baten berri izan dugu. Andone Garde, Begoña Etxandi, Itziar Torres, Agurtzane Obregozo, Karlos Beristain, Garbiñe Elizegi eta Miren Meokiri, bertzeak bertze, 50.000 euroko kalte ordainak eskatzen dizkigute. Honen aitzinean, Aroztegia…eta gero zer? Plataformak hauxe adierazi nahi du:

-Argi dago jokaldi honekin enpresaren helburua herritarrak isilarazi eta beldurtzea dela, eta baztandarrok Aroztegiako proiektu urbanistiko espekulatzailearen aitzinean dugun iritzia ez ematea.

-Dirudunak izateagatik Nafarroako komunikabide hegemonikoak beren bozgorailu bezala erabiltzen ahal dituzte, herrialdeko abokatu garestiena kontratatzen ahal dute, UPN eta Geroa Bairen gobernuengandik lehentasunezko tratua jasotzen ahal dute, baina ezinen dute inolaz ere ehundaka baztandarrek abiatu dugun herri galdeketaren prozedura geldiarazi.

-Gogor salatu nahi dugu, batzuk gatazka sozialaren aitzinean irtenbide demokratiko bat planteatzen dugun bitartean, Palacio de Arozteguia S.L enpresak jazarpen judiziala aukeratzen duela.

-Eraso honen aitzinean Aroztegia…eta gero zer? Plataformak inoiz baino argiago du abiatu den bidetik segituko duela eta ez duela etsiko helburua lortu arte. Eskatzen dena argia da, eta ehundaka baztandarrek beren sinadurekin eta apirilaren 23an Elizondoko karriketan eskatu duten gauza bera da: HERRI GALDEKETA! HERRIARENA DA HITZA, HERRIARENA ERABAKIA!