Udaberria heldu da eta,
loraldiarekin batera, ailegatu dira gure herrietako bestak ere. Aurten, iaz
bezala, Mutildantzaren doinu gozoa aditzeko aukera dugun plaza guzietan
elkartuko gara berriz ere, plazak dantzan paratuz.
Denek dakigu Mutildantzak, gainerako
tradizioak bezalaxe, etengabeko egokitzapen eta eraldaketen fruitu izan direla sortu
zirenetik, etengabeko aldaketak egiten baitu tradizioa tradizio. Alta, horixe
da tradizioaren ezaugarri nagusia, ez baitu irauteko bertze modurik. Horregatik,
pertsona askeak eginen gaituen tradizioa sortzea dugu helburu; zamarik gabeko tradizioa,
bazterketarik gabekoa. Horixe Plazara Dantzaren nahia, horixe gu guztien beharra.
Ohitura segurtasuna dugu,
heldulekua. Baina behar al dugu itoko gaituen heldulekurik? Gizartearen erdia
baztertuko duen tradiziorik? Emaztekia, historikoki, gizarteko alor guzietan,
eta doike, dantzetan ere, baztertua egon da. XVI. mendean, elizak ikaragarrizko
ahalegina egin zuen emakumea plazatik kanporatzeko. XXI. mendean,
gizon batzuek berriz ere elizaren babesa behar izan dute plaza pribatuan
dantzatu eta emakumea baztertzeko. Hori al da idatzia utzi nahi dugun Baztango
historia?
Berako makildantza, Zuberoako
maskarada, Tolosako bordon dantza, eta nola ez, Baztango Mutildantza, adibide
nahikoak dira frogatzeko emakumeen parte hartze normalduak ez dakarrela inolako
kalterik, ez tradizioaren hausturarik, ez kalitate galerarik. Aberastasuna
dakar, horra diferentzia!
2013.urtean Plazara Dantzaren
agerraldi batean zoriondu genuen Baztan, mamuak uxatu eta gibelat bueltarik ez
zuen bidea abian zelakoz. Hiru urte beranduago, berriz ere baztandarrak
zoriontzeko arrazoiak soberan ditugu. Gure ondarea partekatuz, gure altxorra
gozatuz, dantzatuko gara berriz elkarrekin Baztango plazetan mutil, neska,
neskato, gizon zein emakume. Urte osoan elkar ikusi ez dugun barride, lagun, hurbileko
edo egundaino ikusi ez dugunarekin ere, aske eta umorez, dantzatuko gara. Hori
baita dantza, hori baitezake dantzak. Aunitz urtez!