Urtarrilaren 26an egin zen ohiko osoko bilkuran, Baztango
Udalak Nafarroako Gobernuari Elizondoko sarrerako zubia egiteko eskatzea
erabaki zuen. Mozio berean, Lekarozko herria kanposatuarekin saihesbidearen
gainetik zaldain batekin lotzeko eskaera egitea ere onartu zen. Proposamena EH
Bilduk eta Baztango Ezkerrak aurkeztu zuten eta aho batez onartu zen.
2012an Elizondoko saihesbidea ireki zelarik saihesbidetik
herrigunerako sarrera Braulio Iriarte karrika meharretik egin zen jakinik,
horrek buhauste handiak eta arrisku egoerak ekarriko zituela eta behin-behineko
aterabidea izanen zela. Ordurako Nafarroako Gobernuak Baztan Berrin gaindi Santiago
karrikan barna Elizondorat sartzeko zubia egitea aurrikusi zuen baina oraino ez
du pausirik eman. Hala, egoera luzatzen ari dela ikusirik Baztango Udalak
Nafarroako Gobernuari zubia egiteko eskatzea erabaki zuen.
Modu berean, saihesbidea egin zelarik Lekarozko herria
kanposaturako oinezkoen pasabiderik gabe gelditu zen. Lekarozko herriak behin
baino gehiagotan errepidearen gainetik oinezkoendako zaldaina egitea eskatu
izan du, baina halakorik ez da egin. Horrela, lekaroztarren aldarrikapena
gogoan hartuz, mozio berean Baztango Udalak Nafarroako Gobernuari aipatu zaldaina
egiteko eskatzea erabaki zuen.