PALACIO DE AROZTEGIAK PARATUTAKO SALAKETA ATXIBATU DU



Palacio de Arozteguiak Baztango Udal gobernuko tokiko gobernu batzordeko bortz kideen kontra paratutako salaketa artxibatu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak. 2017ko ereiaroan Aroztegiako pelotazo urbanistikoaren kontra Elizondoko plazan egin zen kanpaldiak mindurik, Elizondoko plaza herritarrei uzteagatik prebarikazio eta diru publikoaren erabilera makurragatik salaketa paratu zigun Palacio de Arozteguiak.

Lehendabizik Nafarroako Administrazio Auzitegirat jo zuten eta helegitea aurkeztu, baina ez zieten kasurik egin. Hortaz, Auzitegi Nagusirat jo zuten zigor alorreko salaketa hau paratuz nahiz, azkenean, epaileak salaketa artxibatu duen. Hori bai, artxibatu baino lehen Iruñerat deklaratzerat hirutan joan behar izan gara. Batean grabaketa sistemaren akatsarengatik, bertzean akusazioa gaztigatu ez zutelako, azkenean urriaren 15ean deklaratu ahal izan genuen artio.

Salaketa honen helburua argia da: gure izenak zikintzea eta gu beldurraraztea. Palacio de Arozteguiak eztabaida soziala galdu du. Herritarrek badakite proiektua Baztanen kalterako dela. Horregatik, gelditzen zaien bidea inposizioaren da, eta hori  PSISarekin  eta salaketa judizialekin egiten dute. Salaketa horiekin gainera herritar eta hautetsiak beldurrarazi nahi dituzte.

Ez dezagun ahantzi: oraingo hau Palacio de Arozteguiak paratutako borzgarren salaketa judiziala da. Garbiñe Elizegi lehengo alkatearen kontra bi, oraingo alkatearen eta zortzi herritarren aurka bertze bana eta, azkenik, Elizondoko plazari buruzko hau. Hau erabateko ofentsiba judiziala da, beren posizio ekonomikoa baliatuz, soberan duten aberastasuna aprobetxatuz herritar eta hautetsi arruntak estu hartzeko.

Palacio de Arozteguiak Baztanen agindu nahi du. Beren proiektua egin ahal izateko Baztango erakundeen gainetik PSIS erabiliz hasi ziren, komunalak eta partikularren lurrak jabeen borondatearen kontra Aroztegiako Banaketa eremuan sarraraziz eta bururik gabeko errekalifikazioak eginez. Horrekin aski ez, eta orain, herrietako plaza publikoetan nork zer egiten ahalko duen beraiek erabaki nahi dute. Beren proiektuarekin Baztanen instalaturik direlarik, zer ez ote dute eginen?

Betiere, Baztango plazak eta Elizondokoa bereziki edozein adierazpide eta agerpeneterako erabili izan dira, eta udalak plazaren erabilerak desberdinak bereizketarik gabe baimendu ditu.  Eta, bistan da, baimentzen segituko du. Herritar guztierei espazio publikoa, argia, plater eta edalontzi bererabilgarriak utzi zaizkie. Eta uzten segituko dugu. Gu hemen gauden artean, bederen, herriko plazak herritarrendako izaten segituko dute.

Nolanahi ere, zigor-aretoko epaileak salaketa artxibaturik, administraziorekiko auzi epaitegian plaza uztegatik Palacio de Arozteguiak paratutako bertze helegite batek jarraitzen du.

Proiektuarekin aitzinerat segitzen dute, inposizioarekin eta ofentsiba judizialarekin ere bai. Baina arrazoia guk dugu. Ez gaituzte menpean hartuko.