JENDEAK BIZI DIREN BAZTANGO BASERRIAK HORMIGOIZTATZEKO 8.473.883,40 EURO BEHAR DIRA.


Azkeneko hilabete hauetan Baztango udalak jendeak bizi diren baserrietako bideak aztertu ditu, horien egoera ikusi eta horren arabera egin beharreko lanak eta aurrekontuak zehaztu. Aipatu txostenean jendeak bizi diren 91 baserri daudela zenbatu da eta denera 76,3 kilometro bide dagoela. Bide hauek eguneroko oinarrizko beharretarako nahitaezkoak dituzte horietan bizi diren herritarrek.

Txostena eginda Baztango Udalak Landa garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariarekin hitzordua eskatu du txostena eskura eman eta dagoenaz jakitun izan dadin.

Aitzineko hiru urte hauetan Baztango Udalak Baztango auzoetako bide nagusiak zolaberritu ditu eta horretarako 600.000 euro bideratu. Zolaberritu diren auzoak dira: Orabidea, Aintzialde, Zozaia, Ziga, Azpilkueta, Oronozko baserrien aldea, Mendiolako zati bat, Iñarbil, Berro, Oharriz … Onartu berri diren aurrekontuetan ere Iruritako ezkerreko errekako auzoko bidea eta Erratzuko Larretakoa breaztatzeko 115.000 euro bideratu ditu. Oraino ere Erratzuko Azkaratekoa falta da eta bertze zati ttipiagoak ere bai.

Auzoetako bide nagusiak zolaberrituta baserrietako bideak hormigoiztatzen hasi nahiko luke udalak, baina horretarako Nafarroako Gobernuaren konpromisoa behar du, orain artioko finantziatzeko sistemarekin Baztanek ezinezkoa duelako hori guztia bere gain hartzea eta, horregatik, Nafarroako Gobernuari Baztango berezitasuna gogoan hartzeko eskatzen diogu, udalerriak duen lurraldearen zabaltasuna hain zuzen.