KORRIKAk
Euskaraldiko esperientzia errepikatzeko testuinguru paregabea ematen duela
adierazi dute gaur AEK-ko eta Topaguneko ordezkariek, Bilboko Itsasadarra museoan
egindako agerraldian
Joan den urteko abenduaren 3an
amaitu zen Euskaraldiaren lehen esperientzia, baita arrakasta handiz amaitu
ere. Horren ondoren, bigarren esperientzia abiatzeko asmoa ere adierazi zuen
Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak. Aurretik, baina, 21. KORRIKAn ahobizi
eta belarriprest gisa jarduteko deia egin dute Euskaraldiaren eta
KORRIKAren antolatzaileek.
«Klika eta inertziak apurtzea
eskutik doazen ekintzak dira». Hala mintzatu da Mertxe Mugika AEKren
koordinatzaile nagusia gaur, Bilboko Itsasadarra museoan emandako
prentsaurrekoan. Euskaraldian parte hartu dutenek «euren hizkuntza-praktikak
aztertu» eta ohiturak aldatzeko erabakia hartu zutela gogorarazi du.
KORRIKAren aurreko edizioak
irudi esanguratsuak utzi zituen, hala nola Santiago zubiko kilometroa, non
elkarrekin agertu ziren erakundeetako ets euskalgintzako ordezkariak. Geroztik,
rol eta jarrera berriak sortu dira Euskal Herrian, eta horiek zabaltzeko deia
egin dute agerraldian.
Jasone Mendizabal Euskaltzaleen
Topaguneko zuzendariak dei egin die ahobizi eta belarriprest
guztiei «euskarazko hizkuntza-praktikak zabaltzen jarraitzeko, aldatutako
ohitura horiei eutsi eta euskarazko harremanak zaintzeko». Egunerokoan egin
beharreko ariketa horrek testuinguru ezin hobea izango du KORRIKAn, Garestik
Gasteiza, apirilaren 4tik 14ra.
Hala, ahobizi eta belarriprest
guztiei dei egin diete ikurrekin eta portaerekin ohitura-aldaketa hori
ikusaraztera, «AEK-k aurten egin duen proposamenari jarraituz, Klika egiteko,
aldaketak eragiteko, urrats berriak emateko».