BAZTANGO HERRIGUNEAK BIZIBERRITZEKO UDALAREN PLAN BEREZIA



elizondo casas viejas bilaketarekin bat datozen irudiak




Apirilaren 25eko ohiko osoko bilkuran, Baztango Udalak etxeen zaharberritzea bultzatu eta bailarako herri guneak biziberritzeko Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena egitea onartu zuen. Hitzarmen horrekin Baztango herri eta auzo bilduetan Hiri Jarduketa Plan Berezia eginen du udalak, 180.000 euroko kostua izanen du eta Iruñetik %80 artio finantzatzen ahalko dute.

Hitzarmena egiteko erabakia aho batez onartu zuten udalbatzako kide guztiek eta azkeneko urteetan etxe zahar handiei aterabidea emateko eginahalari segida ematen dio.

Joseba Otondo alkatearen erranetan orain artio hirigintzako aferak lurren kalifikazio aldaketan zentratu dira, “guk eraikita dagoenari begiratu nahi diogu, hutsik gelditzen ari diren Baztango herri gune eta auzoei, toki horiek biziberritzeko tresna administratiboak garatuz”.

Hitzarmenaren helburu zehatzei buruz, aipagarria da herri gune horietan dauden etxe hutsak bizitegi bezala erabiltzeko eta zaharturik dauden bizitegiak egokitzea bultzatuko duela planak, bereziki etxe horien irisgarritasuna, energia eraginkortasuna eta ingurune-baldintzak hobetzea bultzatuz. Etxeez gain herri gune osoen birgaitze sozial eta fisikoa bultzatuko du ingurune horiek bizitzeko eta dotazio-publikoetarako bideratuz. Testuinguru horretan, ondarea babesteko ikuspegitik, eraikinen tipologiaren arabera irizpide berriak finkatuko ditu planak. Halaber, helburuen artean, trafikoak sorturiko arazoei konponbidea ematea ere ageri da.

Hitzarmenean heldu denez Baztango hamabortz herriez gain, auzo bildu hauek ere planean sartuko dira: Aintzialde, Aintzano, Apaioa, Ariztegi, Bozate, Etxaide, Etxerri, Gorostapolo, Iñarbil, Lamiarrita, Oharriz, Urrasun, Zigaurre, Zozaia eta Zuaztoi.

Alkateak jakinarazi duenez Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatzearekin hasiko dira plana egin ahal izateko ondoko pausu administratiboak ematen, horrek erran nahi du ondoko legealdian egin beharreko lana izanen dela.