(H)ilbeltza bekaren
xedea euskarazko nobela beltza sustatzea da, eta, horretarako, txandaka sormen
eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten sormen lana egiteko beka egokitu da. Bekaren
antolatzaileak Baztango Udala, Hilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxea
dira.
Lehenbiziko
edizioa sormen beka izan zen, Miel Angel Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen
2019ko hasieran. Iazko deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia
Highsmith estatubatuarraren The Blunderer nobela euskaratzen ari da Josu Barambones.
Urte akaberan kaleratuko da.
Aurtengo
ediziora 10 lan aurkeztu dira eta lan irabazlea Miren Gorrotxategiren “Vianako
bihotza” izan da.
Joseba
Otondo, Baztango alkatea; Castillo Suárez, (H)ilbeltza elkarteko ordezkaria;
eta Garazi Arrula, Txalaparta argitaletxeko ordezkariak azpimarratu dutenez,
proposamenak ohiko polizia eta detektibe istorioetatik ihes egiten du. Tramak
Donejakue bidea eta upategien negozioa uztartzen ditu, eta horrek ezohiko
agertoki batera garamatza. Epaimahaikideoi egitasmo arriskatua eta egingarria
iruditu zaigu aldi berean, eta horixe saritu nahi izan dugu, betiere deialdi
honen beka izaerak liburua idazteko ez ezik lantzeko ere aukera ematen duela
aintzat harturik.
Saria: Lagin
irabazleari 3.000 € emango zaizkio orain eta beste 3.000 € lana akitzerakoan. Argitalpena:
2020ko abenduan argitaratuko du lana Txalaparta argitaletxeak.
Miren Gorrotxategi
Azkune (Azpeitia, 1981) bekaren irabazlea itzulpengintzan lizentziatua eta Turismoan
diplomatua da. Hotel zuzendaritzako master bat eta Bigarren Hezkuntzako
irakasle masterra ditu. Atzerriko zenbait unibertsitatetan ere egon da, ikasle
zein irakasle modura. Itzultzaile eta idazkari lanetan ibilia, azken urteotan
euskara irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. 2016an lehen liburua argitaratu
zuen, 33 ezkil (Elkar), Augustin Zubikarai sariari esker. 2017az geroztik
kolaboratzailea da Urola Kostako Hitzan. Martxan den Korosagasti filmaren
gidoigileetako bat izan da.