PLAZARA DANTZARA: EMAKUMEON ESKUBIDEAK HERRI GALDEKETAREN MENPE?

Ondoko egunetan Luzaiden herri galdeketa eginen dute Bolanteen jauzietan emakumeen partehartzeari buruz. Plazara Dantzara herri ekimenak oharrean salatu du ezin dela bazterketa publiko bat bozketen bidez erabaki:


EMAKUMEON ESKUBIDEAK, HERRI GALDEKETEN MENPE?

Hauxe da azken astean Luzaideko Bolanten batzordeak planteatu digun galdera. Urte anitzetan eman den bazterketa publikoa eta onartua mantendu behar den ala ez galdetuko dute. Bazterketa sexista-kolektiboa egiten segitu behar duten ala ez zabaldu dute komunikabideetan, proposamenari kutsu aurrerakoia eman nahian. Naturaltasunez egiten dira holakoak, naturalizatua daudelakoz emaztekien kontrako erasoak. Eta batzuek diote, “herriko aferak dira eta bertako herritarrek erabaki behar dute”, baina hori ere ez da kasua. Diskriminazio hori ospatzera eta txalotzera kanpotik heldu direnek ere parte hartzen ahal dute. Herritar hauek, emakumeon eskubideak urratzen ahal duten edo ez erabaki nahi dute, Nafarroako jendartearen isiltasun konplizearen babesarekin.


Bolanten batzordeak, Baztango mutil-dantzetan pasatutakoa gogoan, Luzaidek galdeketa eta parekidetasunerako borondatearekin auzia bertze modu batera bideratzeko asmoa omen du. Ez dugu zalantzan paratzen batzuen borondatea, baina auzia ez da inondik ere konpontzen eskubide urraketak demokraziaz disfrazatuz, edota bertze eskubide urraketa batekin, eta horixe da Luzaidetik planteatu dena. Emakumeok ez dugu baimenik eskatu behar plazetan egoteko; ez dugu onartu beharrik bertzeek ze jantzi behar dugun erratea; ez dugu onartuko ere, bertze batzuek gure eskubideak negoziatzea. Luzaiden ematen ari dena, bazterketa sexista da, emakume guzien kontrako erasoa da. Erantzun kolektiboa eskatzen duen eraso kolektiboa, erran nahi baita.

Luzaiden egindako galderetan “neskak” paratzen duen tokian “beltzak”, “ijitoak”, “homosexualak”, “transexualak” edota “errefuxiatu siriarrak” paratuko bagenu? Hau da, “ijitoak dantza taldean parte hartzearen alde zaude?” Eta “Nola beztitu behar dute beltzek?” Eta “Zein pertsonaia ordezkatu behar dute transexualek?” Eskandalagarria litzateke, onartezina! Egun batzuk pasa dira berria publiko egin zenetik baina ez dugu ikusi galdeketa honi buruzko iritzi artikulurik, ez ditugu martxoaren 8an pankarten gibelean egon diren ordezkari politikoak bidegabekeria hau salatzen ikusi. Ikaragarria da nola, kasu honetan, tokiko zein Nafarroako instituzioek ere, eskubideak bermatzeko duten erantzukizuna alde batera utzi duten. Europako bandera Parlamentutik erretiratu den aste berean, errefuxiatu siriarrekin gertatzen ari den eskubideen urraketa salatzeko, “pertsona guzien eskubideak nagusitu daitezen” aldarrikatzeko. Logika honetan, ez da Europakoa parlamentutik erretiratu beharko litzatekeen bandera bakarra.

PLAZARA DANTZARA HERRI EKIMENA