EHBilduren Aldaketa
euria ekimenaren baitan elikadura burujabetzari buruzko mahai-ingurua egin
zen atzo atsean Elizondoko Arizkunenean. Maite Iturreren gidaritzapean Mikel
Altzuart nekazaria; Felix Ligos, Barraskiloak kontsumo kooperatibako kidea eta
Tasio Erkizia Zazpiak bat harreman sareko kidea aritu ziren. Hogeitabortz lagun
inguru hurbildu ziren saiorat eta eztabaida mamitsu izan zen. Bertze hainbat
konturen artean, Tasio Erkiziak elikadurarenak herri osoaren gaia izan behar
duela azpimarratu zuen, ez dela nekazarien ardura hutsa izaten ahal. Ildo
horretan, Felix Ligosek elikadura eskubide bat dela azpimarratu zuen ez
negozioa egiteko gaia. Hala, negozioa egiteko gaia bihurtu den neurrian jendeak
eta herriak ondare komun horretaz gabetu dituztela aipatu zuen. Mikel
Altzuartek, bertzalde, elikadura burujabetzaren bidetik nekazal eredu bat
finkatzearen beharra aipatu zuen eta, hori, modu orokorragoan, gure beharrekin
eta ditugun baliabideekin harremantzea; hau da, inguruari buruzko orekan. Modu
horretan, herritarrak osasuntsu elikatzeko eta populazioaren iraunkortasuna
bermatzeko lurraren mugak zein diren kontuan hartu behar direla aipatu zuen. Tasio
Erkiziak, halaber, proiektu zehatzen beharra aipatu zuen, mentalitate aldaketa
soilik praktika eta proiektu berriekin etorriko dela. Horretarako Zazpiak bat
elkarteak Euskal Herriko eskualde desberdinetan ekoizle, kontsumitzaile eta
udaletxeen artean, proiektuak zehaztu eta gauzatzeko talde dinamizatzaileak
sortu nahi lituzkeela aipatu du, hiruen elkar ekintzatik bakarrik etorri
daitezkeelako aldaketak. Hiruek bat egin zuen elikadurak duen garrantzian eta
eredu sozioekonomiko berri eta alternatibo bat eraikitzekotan muinean
elikadurak eta elikadura burujabetzak egon behar dutela.