2016. urtea
bukatu zaigun honetan, eta 2017aren bidea abiatu dugularik, Baztango Bilgune
Feministatik azkeneko urte honetan egindako lanaren balorazioa egin eta aurtengo
prestatu ditugunak azaldu nahiko
genituen.
2016. urtean
Baztango herri gehienetan eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratzea
lortu genuen. Izan ere, Arraioz, Elbete eta Zigan ezik, bertze herri guztietan
lortu dugu protokoloaren berri eman eta herriko besta batzordeekin informazio
trukaketa egitea. Beraz, gurekin elkarlanean aritu diren herriak eskertu eta
zoriondu nahi ditugu. Etorkizunari begira, aurten lortu ez bada ere, datozen
urteetan Baztango herri guztietan protokolo hau martxan paratu nahiko genuen.
Protokoloa
martxan paratu den herri ia guztiekin ere, protokoloaren balorazioa egiteko
aukera izan dugu. Orokorrean, besta
batzordeen aldetik balorazioa arras positiboa izan da eta hauek egindako
ekarpenei esker hobetzeko arloak ere identifikatu ditugu. Beraz, aurtengo
herriko bestei begira hutsune horiek betetzen saiatuko gara. Informazioa ahal
bada lehenago helaraziz, formazioa eskainiz eta gai honen inguruan interesa
piztuz.
Protokoloa
martxan paratu bada ere ez da herriko bestetan salaketarik izan. Berez hori
berri ona izaten ahal den arren, aunitzetan
gertatzen da, erasoak gertatu eta erasotua aski babestuta sentitu ez
izana salaketa hori paratzeko. Bertze kasuetan erasoa identifikatzeko zalantzak
edukitzea eta horregatik ez salatzea. Adibide gisa paratzen dugu Elizondoko
bestetan Elizondoko Elizan dantzatzen den Mutildantza baztertzailea. Hori ere
emakumeen aurka ematen den eraso sexista baita, kolektiboa gainera. Berez,
salaketa eza erasoen falta baina gehiago, konzientziazio faltagatik dela uste
dugu.
Horregatik,
Baztango Bilgune Feministatik, aurtengo udara begira formakuntza saioak
antolatuko dira. Alde batetik, emakumeentzat autodefentsa feminista tailerrak,
emakumeok gure burua ahaldunduz indarkeria matxistari aurre egiteko
prestatzeko. Bertze aldetik, protokoloaren aplikazioari begira interesa duen
guztientzat, erasoak identifikatzen laguntzeko eta protokoloaren
eraginkortasuna hobetzeko tailerrak.
Formakuntza
tailer hauen garrantzia azpimarratu nahi dugu, GUZTION ardura baita indarkeria
matxistarekin bukatzea. Beraz, parte hartzera animatzen datzuegu!