Nola heldu gara hona? Saguzarrek dute errua?
Ez dakit
saguzarrek guzti honetan zerikusirik ote duten, baina argi dutena da honat
ailegatzearen arrazoietako bat, naturarekiko dugun harreman arduragabea dela.
Egoera honek
ispilu baten aurrean jarri digu argi utziz gaur egungo sistemak ez duela
funtzionatzen. idegurutze historiko baten aurrean gaude eta bi aukera ditugu,
bide oker beretik jarraitu edo norabidea aldatu.
Gerran gaude?
Dudarik gabe
bai, gerran gaude. Ez orain arte ezagutzen genituen gerrak bezalakoak baino hau
gerra bat da.
Zein eragin izaten ari da pertsonalki?
Egoera guzti
honek emozionalki eragiten ari dit eta aunitz gainera. Dolu prozesu batean nago
eta konfinamenduak eta familiatik urrun egon beharrak sekulako ondorioak utzi
dizkit. Beldurra, tristura, zenbait momentutan bakardadea ... Gestionatzeko oso
zailak diren emozioen aitzinean jarri dit berriz ere egoera guzti honek.
Pandemia honek denoi berdin eragiten digu?
Dudarik gabe
ez! Gaur egungo ereduak, berez, pertsonen arteko desberdintasuna indartzen
ditu, eta egoera honetan gehiago. Lehendik egoera ahulean zeuden kolektiboei
modu bortitzean eragin die krisi honek. Adinekoei gaixotasunak gogor jo
dielako, etorkinei, lehendik ere egoera oso larrian zeudelako, tratu txarrak
sufritzen dituzten emakumeei, beraien erasotzaileekin konfinatuak egotera
behartu zaielako, haurrak, beraien normaltasuna ebatsi diegulako … Argi eta
garbi, ez digu denei berdin eragiten pandemia honek.
Jardun esentzialek, gehienek, emakume
aurpegia dute. Zer adierazten du horrek?
Jardun
esentzialek emakume aurpegia zutela muturren aitzinean izan dugun errealitate
bat da, baina beti bertze aldera begiratzen egon gara.
Momentua da
errealitate honi aurpegira begiratzeko eta zaintza lanei eta esentzialak diren
lanei bere tokia aitortzeko, eta horrekin batera, behingoz, puzzle guzti
honetan emakumearen papera zein den aitortzeko eta prekarizazioarekin
bukatzeko.
Baztanen zer egoera uzten ari da pandemia?
Egoera
latzak uzten ari da, sozialki eta ekonomikoki. Sozialki, pertsona aunitz
oinarrizko beharrak ezin asetu dabiltza, langabezia, prestazioak jasotzeko
zailtasunak … Eta ekonomikoki, autonomoak, sakonki kaltetuak.
Baztanen nola egin aurre pandemiari?
Elkartuz eta
babes sareak sortuz egin beharko diogu aurre egoera honi. Gaur egun bizi dugun
krisia aukera paregabea da jendartearengan balio positiboak sustatzeko,
elkartasuna edo elkar zaintza, ezinbertzeko balioak beharrezkoa dugun aldaketa
lortzeko.
Gizarte hiperkonektatu baten aztarnak ugaritu
dira. Interneten topatuko al dugu elkar?
Bai,
momentuz bai. Eta beharrik tresna ugari ditugula eskuragarri konektatuak
jarraitzeko.
Hala ere, agudo
karriketan eta hurbil elkar topatzea espero dut.
Egoera honen aurrean, borroka da …
Bide
bakarra. Momentua da gauza aunitz aldatzeko. Eta ez dugu esperatu behar
erantzunak eta konponbideak kanpotik etortzeko, lokalki, globalak diren arazoei
aurre egiten ahal zaie.
Liburu baten irakurketa gomendatuko al
zeniguke. Zergatik?
Gure
ttikiekin Emocionario liburua irakurtzea gomendatuko nizueke. Emozioek gure
inguruari eta bertan gertatzen diren egoerei egokitzen laguntzen dizkigute eta
garrantzitsua da hauek ezagutzea, identifikatzen jakitea eta gehien bat, gure
burua baimentzea emozio guztia hauek sentitzen, beldurra, tristura, poza …
Denak!
Nahiz eta
azken aldi honetan gehiegi jolasten ari diren gure beldurrarekin!!