Ongi etorri
prekarietatearen lurraldera 
Arraiozko merkatalgunea ireki berri duten honetan, saltokiko lan-baldintzen argitara bere garaian egin genuen gogoeta  berreskuratu eta berritu nahiko genuke. Orduko hausnarketan horrelako saltoki handiek nekazal lurren galera dakartela aipatzen genuen, lurraldea desegituratzen dutela eta auto-mugikortasuna bulkatzen; halaber kontsumokeria sustatzen dutela eta betiko nekazaritzaren kaltetan nekazaritza industrial eta trinkoa bulkatzen dutela, horrek dakarren elikagaien kalitatearen galerarekin eta ingurugiro eraginarekin. Horrekin batean, jendarteko balore sozialetan eta kulturaletan izanen lituzkeen ondorioak aipatzen genituen, eta horrelako saltokiek sortzen duten lan-prekarioa.
Zoritxarrez, gure hausnarketa guztiak betetzen ari direla ikusi daiteke, bereziki lan-prekarioarena. Arraiozko Simplyn kaxan lana eginen duen langile arrunt baten soldata gordina 700 euro ingurukoa izanen da, eta 12 orduko disponibilitatea eskatzen diote; iduriz, langile gehienak andreak izanen dira. Baldintza horietan nork bermatu dezake guttienezko autonomia, bizi-kalitatea eta lana eta familia bat egiteko eskubidea?


Ba, azken aldiko Baztango udaletxearen lanpostuak sortzeko diskurtso demagogikoak horrelako mundu prekarizatu, desegituratu eta menpekora garamatza. Jakin badakigu ez dagoela errezeta majikorik, eta horregatik, ez diogu horrelakorik eskatzen udaletxeari; garapen ereduaren inguruko gogoeta serio eta sakona bulkatu dezala bertzerik ez, utz ditzala demagogiak eta efektu kolpeak bertze baterako.
Baina udaletxeari egiten diogun eskariaz haratago, kontuan hartu behar da egiturazko egoera bat egon badagoela, eta hori sistema kapitalistak zehazten duen egitura sozioekonomikoa dela. Gainera, momentu hauetan erreforma proposamenen bidez lan-merkatuaren desarauketa gogorragoa prestatzen ari dira, lurrarendako eta jendartearendako kaltegarriak diren sektore produktibo eta azpiegiturak bultzatzen darraite, eta hazkundearen eta etekinaren logikak itsututa gure geroa suntsitu nahirik dabiltza. Horregatik beharrezkoa da langileria eta herri sektoreak bat egitea eta bertze jendarte-eredu baten aldeko borrokan bertze oinarri batzuk finkatzen hastea: zer produzitu, nola, zertarako, nola banatu… Bidegurutzea gero eta garbiagoa da: basakeri kapitalista edo etorkizun sozialista.

Iruzkinak