Nafarroako ezker abertzaleak Aralarrek gaur adierazitakoaren inguruan urgentziazko hausnarketa helarazi nahi du:
Lehenik eta behin gure harridura adierazi nahi dugu Aralarrek hartu duen erabakiaren aurrean. Ez dugu ulertzen zergatik erabaki duten Nafarroako ezkertiar eta abertzale guztien arteko elkarlana baztertzea.
Aralarrek zatiketaren aldeko hautua egin du. NaBairen balizko zabalpen baten aurrean beto eskubidea adierazi eta EAJren posizioa eta diskurtsoa bere egin ditu. Gaur, eremu ezkertiar eta abertzale osoaren batuketan oinarrituta eredu politiko, ekonomiko, sozial eta instituzional berri baten aldeko hautua egiten dugun milaka lagunentzako egun tristea da.
Aralarrek jakin badaki subjektua ez dela inoiz arazo izan akordio programatiko bat erdietsi ahal izateko, publikoki behin eta berriz adierazi dugun moduan. Eztabaida edukien inguruan egon da kokatuta eta aldaketa politikoa eta soziala bultzatzeko akordio programatiko sendoen inguruan adostasuna egotekotan, ezker abertzaleak edozein eragile onartzeko izan duen prestutasuna abiapuntua izan da.
Aipatu dituzten “gai garrantzitsuen gainean ditugun ezberdintasun klabeak” zeintzuk diren esatea eskatzen dugu. Zeintzuk dira akordio programatiko bat hitzartzeko zailtasunak? Iritzi publikoari eta haien militanteei zerekin ez dauden ados azaldu diezaietela.
Ezker abertzalearen posizio programatikoa agerikoa da pasa den azaroaren 14tik eta Aralarren interlokuzio taldeari helarazitako dokumentuan jasota dago: Euskal Herriaren artikulazio prozesuarekiko konpromisoa, ezkerreko akordio argiak eta Gernikako akordioak normalizazio politikoaren bidean jasotzen duen bide orriaren bultzada. Horiek al dira Aralarrentzat gaindiezinak diren edukiak?
Horiek dira hain zuzen ere ezker abertzaleak Nafarroa XXI enplazamendu elektorala egin zuenetik hamarnaka eragileekin lanean jarri dituen edukiak. Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala norbanakoen eta interes alderdikoien gainetik dago.
Aipatutako guztiagatik, ezker abertzaleak ez dizkio Nafarroako esparru ezkertiar eta abertzale osoa metatzea helburu duen akordio elektoralari ateak itxi nahi. Akordioak erdiesteko dugun borondatea ez dute jarrera zatikatzaileek galgatuko. Aralarreko zuzendaritzak egin duen urratsa birpentsa dezala eta abertzale eta ezkertiarron arteko indar metaketaren bidera bueltatu dadila espero dugu.
Hurrengo egunotan, ezker abertzaleak, Aralarren jarrera aztertu eta ireki daitekeen eskenatokiaren inguruan hausnarketa sakonagoa burutuko du.
Iruñea, 2011ko urtarrilak 5
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina