“Baztanen bizi, bertan lan egin” manifestazioa deitu dute ELA, LAB eta EHNEk urtarrilaren 22an Elizondon


“Baztanen bizi, bertan lan egin” lelopean urtarrilaren 22an Elizondon eginen den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute ELA, LAB eta EHNEk, euskal gehiengo sindikalaren ordezkari gisara. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Lur dantzalekuaren paretik. Urtarrilaren 12an Elizondoko Arizkunenean eskainitako prentsaurrean deialdia egin duten sindikatuek aipatu dutenez, “Baztanentzako etorkizun duin bat aldarrikatzeko eta Baztanek bizi duen egoera salatzeko” eginen da ekitaldia.

ELAko Xabier Perezek aipatu duenez, “Gaur egun 1140 pertsona daude zerrendatuak Doneztebeko INEM-ean, orain urtebete baino % 8,3 gehiago. Bi urtetan eskualdeko langabezi tasa bikoiztu egin da, kontutan eduki gabe denbora baterako EREak pairatzen ari diren 2000 langile inguru”. ELAko ordezkariak aipatu duenez Nafarroako Gobernua praktikan enpresen administrazio kontseiluen bertze adar bat da, “eta ez du inolako arazorik izaten kaleratze kolektiboak sinatzeko Funveran, Saveran eta berriki Marmoles del Baztanen ikusi genuen bezala. Hala ere plantila murrizketa guztiak ez dira EREen bidez egiten, badaude bertze hainbat modu plantila murrizteko baina hauek ez dira berrietan agertzen. Adibide bezala zenbat langile hasi ziren hain fama handia hartu zuen Elgorriagako balnearioan eta zenbat daude orain?”.

EHNEko Bittoriano Jauregik nekazaritza sektoreak bizi duen krisi larriaz aritu da. “Lehen gaien espekulazioak eta ekoizteko betebehar zorrotzek ekoizpen kostuak goratu ditu –erran du Jauregik–, nekazariak bere prezioak paratzeko boterea erabat galdu du, eta kontrolik gabe inportaturiko produktuekin eta auskalo nola ekoiztutakoekin konpetitu behar du merkatuan”. EHNEko ordezkariaren ustez, Europako Nekazal Politika ez da hemengo gisako mendi aldeko baserrien babesle, “enpresa multinazionalen eta esportaziorako ekoizle handien laguntzaile baizik”. Nafarroako Gobernuari dagokionez, “zementuan bota ditu edo lagunen artean banatu ditu sosak nekazaritzaren izenean” aipatu du Jauregik. Guzti honek gure eskualdean ere lan postuen galera, herrien hustea eta herri batentzat hain garrantzitsua den elikagai burujabetzaren galera ekarri duela jakinarazi du.

LABeko Koldo Saenzek aipatu duenez, “sektore finantzieroari milaka milioi Euro eman ondotik, lan erreforma basati batekin heldu dira, ez dira konformatzen eta inoiz ikusi gabeko lapurreta egin nahi diete pentsionistei. Erraten dute merkatuek agintzen dutela, baina guk badakigu hori ez dela horrela eta erreforma honek azalpen bakarra dauka: banketxeen interesa pentsio plan pribatuetan”. Baztan langabeziaren espiral honetatik atera behar dela pentsatuz deitu dute urtarrilaren 22ko manifestaldia.

Heldu den urtarrilaren 27ko greba orokorrean ere parte hartzeko deia egin dute ELA, LAB eta EHNEk.

Iruzkinak