Euskadi Ta Askatasuna-ren ekimenaz eta testuinguru politikoaz Herritar Batasunak bere kidego eta oinarri sozialarentzako buruturiko hausnarketa.
ETA erakunde armatuak su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria gauzatzeko erabakia jakin izan dugula, Ezker Abertzaleak ETAren erabakiak bake eta aterabide demokratikoen egoera baterantz aurrera egiteko abagune historikoa sortzen duela adierazi nahi du. Ezker Abertzalearen iritziz, ETA erakundearen erabakiak ez du zalantzarako tarterik uzten eta prozesu demokratikoaren bilakaeran atzera egin ezinezko mugarria ezartzen du, fase politiko berri bat irekitzeko erabaki ausarta eta determinazioz betea baita.
Bai Nazioarteko Komunitateak bai Euskal Herriko zenbait eragile politiko, sindikal eta sozialek normalizazio politikorako eta indarkeriarik gabeko eszenatokia sortu asmoz, Espainiako Gobernuari nahiz ETAri eskaera zehatzak egin zizkioten Bruselan zein Gernikan. Ezker Abertzalearen iritziz, bai Nazioarteko Komunitateak bai euskal jendartearen ordezkari diren eragile politiko, sindikal eta sozialek egindako eskaerak asetzen dituen erabakia da ETAk adierazitako su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria.
ETAk adierazitako su-etenak Ezker Abertzaleak prozesu demokratikoaren alde egin duen apustu politikoan sakondu egiten du. Ezinbestekoa den normalizazio politikorako baldintzak sortzen ari dira eta hura da gatazka politikoa konpontzeko alde guztien arteko negoziazio prozesuaren ataria. Hala, Bruselako Adierazpenean iragarritako Nazioarteko Harremanetarako Taldea indarrean jartzeko baldintzak betetzen direla ondorioztatu egiten dugu.
Halako gertakari politiko garrantzitsu batean aurrean, gatazka politikoa behin betiko gainditzeko aukera honen aurrean bai espainiar Estatuko ordezkariei, PSOEren gobernuari eta Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei sortzen ari den egoeraren neurrian egoteko deialdia egin nahi diegu. Halaber, deialdi hau frantziar Gobernuari ere luzatu nahi diogu.
Gaur inoiz baino indar handiagoz Ezker Abertzaleak bere oinarrietan eztabaidatutako “Zutik Euskal Herria” izeneko apustu politiko argi eta ausartari eutsi nahi dio. Euskal Herriko herri guztietan bere kide guztiei kemenez eta adorez lanean segitzeko deia egiten die eta bake eta demokrazia etorkizun baterako aukera berri hau eskertu nahi die, Ezker Abertzaleko kide guztien nekerik eta minik gabe Euskal Herriak ez baitzuen gaur egun aukera berri hau esku artean izango. Aukera baliatuz gure Herria bake eta askatasun agertokira eraman dezagun, behin betiko.
Lanerako garaiak dira, konpromisorako garaiak dira, aurrera bada!
Gora Euskal Herria Askatuta!
Gora Euskal Herria Sozialista!
Gora Ezker Abertzalea!
Euskal Herrian, 2011ko urtarrilean
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina