Beran, arratsaldean, egin zen eskualdeko manifestazioaren irudia |
Mobilizazio aldetik Greba arras eraginkorra izan da Baztanen. 27aren aitzineko astetik grebaren aldeko aldarriak non-nahi ikusten ziren gure bailaran: kartelak, pankartak, pegatak... Bertako komunikabideetan ere Grebarekin bat egitera animatzen zuten audioak eta irudiak izan ditugu. Greba egunaren aitzinetik, aurreko egunetan nola bezperan, informazioa eman zaie bertako komerzioei. Egunean berean 50-60 lagun taldeko pikete informatiboak itzulia egin du Elizondon barna. Bailarako industriaguneetan ere ibili dira pikete informatiboak.
Lan guzti hauek ezin daitezke gauzatu jendearen ardura, konpromiso eta inplikaziorik gabe. Gazteen presentzia nabarmena izan da. Beraien konpromisoa izan da greba egunaren konturik aipagarriena Baztanen.
Baztandar aunitz izan dira ere Iruñea eta Berako manifestazioetan.
Dexente izan dira, bai, grebarekin bat egin duten pertsona eta komertzioak baina ez Baztanen izan den Greba arrakastsua izan dela errateko bezainbertze. Behin pikete informatiboak pasatu ondotik komertzio gehienek eta enpresa aunitzek egun arrunta balitz bezala jarraitu dute lanean.
Izan dute informazionea, komunikabide guztietan izan da grebaren arrazioen berri, eskura eman zaie informazionea eta buruz-buru izan gara beraiekin egoera zein den azaltzen. Hala eta guztiz ere grebarekin bat ez egitea erabaki dute.
Gehiago egiten ahal zen? Posible da! Gure etengabeko hausnarketa da. Baina berek, grebarekin bat egin ez duten komertziante eta langileak, ez dira inozenteak. Ez da erraz ulertzen adibidez, udaleko langileen jarrera. Asalariatua eta abertzalea den langile taldeak, beren ordezkaritza sindikalari erreparatuz gero, ez du bat egin grebarekin. Udal langile guztietatik batek bakarrik egin omen du greba. Ez da normala! Edo ez dute beren burua langiletzat hartzen, edo ez dute elkartasunaren kontzientziarik, edo uste dute bertze maila batekoak direla eta afera hauen gainetik direla....
Bertze adibide bat Construcciones Mariezcurrenako langileena da. Elkartasun ezaren adibide argia. Bertako nagusiek ez duela ordezkaritza sindikalik onartzen aspaldidanik jakina da. Kazikismoaren arrastoak. Eta bertako langile aunitzek ere sindikatuak mehatxu bezala ikusten dituztela ere bai. Alegia, nagusiaren morroi zintzo eta leialek ez dute beren mailakoekin nahastu nahi. Nagusiaren zakur leialak beti harpatuko du zer jan aspilean. Baina egoera iraultzen denean eta nagusiak morroien beharrik ez duelako kale gorrian uzten dituenean, elkartasun bila inorengana hurbiltzeko kopeta izanen dute?
Garai latzak heldu dire sektore eta maila guztietan. Bankuek eta nagusiek gure lanaren eta gure izerdiaren bizkar jarraitzen dute gizentzen. Erakundeak bankuen eta nagusi handien menpeko bihurtu dira. Elkartu behar dugu, bat egin, antolatu eta borrokatu orain arte langilegoak lortutakoa ken ez diezaguten. Etorkizun duina dugu jokoan.
Beraz eta amaitzeko gure animoa eta zoriona grebarekin bat egin duzuen Baztandar guztiei.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina