herriprograma2011 ekimenaren zazpi zutabeak aurkeztu ditu baztango ezker abertzaleak


Baztango ezker abertzalea herriprograma2011 ekimena akitzekotan da. Ekimen herritarra izan da; irekia eta parte hartzailea, auzolan bat, esperientzia kolektibo bat, autoafirmazio prozesu herritar bat, herri boterea eraikitzeko bidean urrats eta saiakera eraginkor bat, herritarrei ahotsa emateko eginahal zintzoa. Baztango herriprograma2011 ekimenean 117 lagunek parte hartu dute, arlo eta adin desberdinetakoak. Emakumezkoak eta gizonezkoak, denak ere bertze Baztan bat eraikitzeko eginahalean, abertzalea eta ezkerrekoa, herritarra. Hori bera baita herriprograma, aldaketaren ibilbide orria.

Baztango herriprograma 2011 testuinguru zehatz batean gauzatu da: hazkunde etengabean oinarritzen den sistema kapitalista burugabea langileen, herritarren eta lurraren kontra inoiz baino gogorrago ari den momentuan. Doike, bide horretan sistemari, babesleak eta laguntzaileak ez zaizkio faltako, zeren erokeri eta xehakuntza honek gutti batzuendako alimaleko aberastasunak sortzen baititu, hori bai, natur baliabide guztiak agortuz eta gehiengoaren bizi baldintzak aldiro makurtuz.

Lan erreforma, pentsioena, murrizketa sozialak, egitasmo suntsitzaileak… eguneroko ogia dira. Baztanen ere hori bera bertze maila batean ikusi izan dugu: burbuila inmobiliarioa, Aroztegiako proiektu espekulatzailea, zahar etxearen pribatizazioa, hiltegia gainbehera uztea, agintekeria eta herritarrei kasurik ez egitea… Guzti horretan Nabaik eta UPNk bat egin dute; inongo eragozpenik gabe gainera.

Baztango oraingo egoera aldatu beharra dago emaztekiek, langileek, baserritarrek, langabeek, etorkinek, xaharrek, gazteek… Bertze Baztan bat behar dugu, bertze Baztan bat merezi dugu, bertzenaz kapitalismoak gurekin akituko du. Bertzenaz, NaBairen eta UPNren politikek Baztanekin akituko dute.

Aldaketaren bide horretan zazpi zutabe nagusi zehaztu ditugu, eta horiek gure lana finkatuko dute.

- Baztango erakundeak demokratizatu behar dira,  herritarren parte hartze zuzen eta etengabea bermatuz. Horretarako ordenantzen zahar berritze prozesuarekin jarraitu behar da Batzar Nagusiak eta herrietako batzarreek garrantzi gehiago izan dezaten. Urteko aurrekontuek eta Udal Plan Orokorrak Batzar Nagusiaren jarraipena eta onespena behar dute. Gainera gizarte eragileen iritzia ere kontutan hartu beharko litzateke. Halaber, udaleko batzorde informatiboak irekiak izan behar dute. Egitasmo eztabaidagarrien inguruan herri galdeketak egiteko konpromisoa hartzen dugu

- Zerbitzu publikoak pribatizatzeko udalaren apostuarekin akitu beharra dago. Zahar etxeak kudeaketa publikoa izan behar du, eta hiltegiaren gainean eskualde mailako egitasmo  publiko bat egin behar da, adibidez.

- Ondoko Udal Plan Orokorra herri bakoitzeko beharren arabera egin behar da; eta dagoeneko dagoenaren gainean eraginez, hau da, etxe hutsetan eraginez. Aroztegia bezalako proiektu espekulatzailerik ez dugu onartzen; eta, etxegintza merkatu interesetatik herritarren bizitegi beharretarat zuzendu beharko da Udal politika. Diru gosearen aitzinean lurra defendatu, lurrik gabe ez baitago gerorik. Guretzako Erdizen defentsan abiatutako lanak ez du etenik.

- Udal zerbitzu sozial eraginkor batzuk garatu, lehenbailehen eskualdekoekin parekatuz, eta hortik abiatuta etengabe hobetu.

- Baserritar, kontsumitzaile, albaitari, harakin, tratante eta behar den guztiaren iritzia kontutan hartuz, Nekazal sektoreko eragileen gunea sortu behar da  sektoreak bizi duen egiturazko krisiaren aitzinean elkarlanaren bidez sektorea gaurkotu eta bideragarri egiteko. Baztango garapenaren oinarrietako bat behar du izan horrek.

- Baztan eta udal euskaldun bat erdiesteko erabateko konpromisoa. Onartu berri den euskararen udal ordenantzatik Udalerri Euskaldunen Mankomunitaterako bidea abiatuz.

- Gizon eta emakumeen arteko parekidetasunean eta berdintasunean aintzinatzeko udal plan bat egin.

Oinarrizko ardatzak horiek badira ere, herri programan arlo guztietarako proposamenak bildu eta adostu ditugu. Eta oraino ere horien lanketan jarraitzen dugu.

Inposaketen eta erasoen aldiak iraganera pasatu behar du. Baztango ezkertiar eta abertzaleak zortzi urtez udaletik kanpo eduki gaituzte. Indartsu itzultzeko tenorea iritsi da; Herritarren Baztan bat aldarrikatuz eta hori elkarlanean gauzatuz. Euskal Herri osoan abiatu den ziklo politiko berrian eraginez  bake eta demokrazia eskenategi baten eraikuntzan parte hartuz.

Lortuko dugu, herritarren Euskal Herri bat eginen dugu: independentzia ta sozialismoa!!

Iruzkinak