Baztango Herrietako Alkateak eta Junteroak, Apirilean 1eko Batzar Nagusiari buruz:

Joan den larunbatean, apirilak 1ean izandako Batzar Nagusiaren ondorioz, Diario de Noticias egunkarian argitaratutako artikuluaren aitzinean zenbait aipamen egin behar dugu, uste dugulako informazioaren manipulazio hutsa dela edo, bederen, hor erraten dena ez dela egia.

1.    Lehenik eta behin, garbi geldi daiela herrietako alkateek ez dugula talde  politikorik ordezkatzen eta ezker abertzalea ez dagoela Batzar Nagusian. Beraz, ezker abertzaleak ez du deus proposatu, alkate talde batek egin zuen proposamena azken Batzar Nagusian.

2.    Guk ez dugu proposatu, inondik inorat ere, legea ez betetzea. Gure proposamena zen Baztanen egiten diren herri lanetan bertako enpresa guztiei lehentasuna eta aukera berdinak ematea, enpresa horiek dituzten lanpostuak mantentzeko, beti ere legalitatearen barnean.

3.    Artikulu horretan aipatutakoa estrategia bat da, benetan garrantzitsuak diren gaiak ez aipatzeko, hala nola Oharrizko “harrobia”. Herri lurren kudeaketa Batzar Nagusiko konpetentzia dela atzenduta eta bere gainetik pasatuta, Baztango udalak harrobiaren gaineko erabakia hartu du. Hala ere, Batzar Nagusiak alkatearen erabakia bertan behera utzi du eta komisio bat eratu du gaia behar den bezala aztertzeko.

4.    Artikuluaren idazlea, bere Batzar Nagusiko kide eta Diario de Noticiaseko berriemaile egoeraz baliatu da, berriz ere, informazioa manipulatzeko bere partiduaren mesederako eta bere helburu bakarra herrietako alkateak mintzea eta jendeaitzinean lotsaraztea da, horretarako gezurrak erran behar baditu ere.

Bertze aldetik, Arraiozko alkateari gure elkartasuna adierazi nahi diogu. Batzar Nagusian errandakoa, agian, kontestutik kanpo gelditu zen, baina baztandar anitzen burutan dago, baita sinatzaileenetan ere, eta horrexegatik, bat egiten dugu berakin.

Akitzeko, anitz sentitzen dugu oraingo udalak ez duela eskertu herrietako alkateen lan egiteko gogoa eta borondate ona eta beti gure kontra jarri izana elkarlanean aritu beharrean. Ez dugu interes politiko edo ekonomikorik, gure herrien eta bailararen alde lan egiten dugu. Espero dugu maiatzan sartuko den udal-korporazio berriak jarrera irekiago izatea eta Ballararen alde lan egiteko prest dagoen talde batek udaleko suposatzen duen laguntzaz ohartzea.

Baztan,  2011ko apirilaren 6a


Sinatzaileak: Amaiur, Aniz, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta, Berroeta, Elbete, Elizondo, Erratzu, Gartzain, Irurita, Lekaroz, eta Zigako alkateak, eta Baztangoiza eta Erbereko junteroak