Proposamen gehienak garapen exogenoan edo enpesak erakartzearen ildoan zentratzen dira. Orokorrean, eskualdeetako eragileek goiko instantzietara eskaerak bideratu ohi dituzte, enpresak erakar ditzaten. Sakanan ikuspegi hau izan da nagusi.
Baina badago beste norabide osagarria: garapen endogenoa. Hau da, tokiko ondare natural, paisajistiko, humano, produktibo, sozial eta kulturalean oinarrituz, garapen estrategia iraunkorra abian jarri, bertan sorturiko, kudeaturiko eta kontrolaturiko egitasmoen bitartez.
Lan eskema horrek ezinbestekotzat dauka dinamika parte hartzailea, instituzio eta eragileek elkarlanean aritzeko.
Garapen endogenoak bi aurrebaldintza eskatzen ditu:
- tokiko eragileek eta udalek eskualdearen garapenaren erantzunkizuna era kolektiboan bere gain hartzea. Aldarrikapen eta delegazionismotik haratago jauziz;
- tresna sortzea, hausnarketarako markoa, egitasmoen eta proposamenen motorra, eta eskualdearen ordezkari izango den tresna; deitu eskualdeko garapen agentzia, fundazioa edo partzuergoa.
Bitxia da ikustea nola Araban, Bizkaian, Gizpuzkoan zein Ipar Euskal Herrian eskualdeetako udalek garapen-tresna horiek sortu dituzten, etorkizunaz zuzenki arduratuz, eta nola Nafarroa Garaian horrelakorik apenas dagoen, Nafarroa Garaian eskema goitik beherakoa da.
Nafar Gobernuak Cederna-Garalur elkartea sortu zuen, Iruñean bulego nagusia eta delegazioak eskualdeetan ireki dituena. Beraien lan egokia zalantzan jarri gabe, eskema bera da erabat mugatua, bulego horiek ez dutelako udalen aurrean erantzukizunik, zentralarekiko edota Nafarroako udal afektatu guztien asanblea batekiko baino ez. Ez dago eskualdeko diagnostikoa eta hausnarketa, eta are gutxiago lan estrategia bideratzeko markorik.
Eskema bertikalak zentroa Iruñean du, eta horrek udalen delegazionismoa eta konformismoa dakar. Udalek lanpostua sortzeko ardura bere gain hartuko balute, eta horretarako tresnak abian jarri, emaitzak hobeak lirateke. Baditugu Euskal Herrian estrategia honen adibide arrakastatsuak, eta ez dira gutxi.(…)