sustatzaileen zerrenda |
Nafarroako jendarteari kalera ateratzeko dei egiten diogu, garaia baita aski dela esateko, aski, mendekua eta suntsitzea xede dituen espetxe politika honen aurrean. (Nafarroan dituen ondorioen txostena) Espetxeen arloko politikak aldatu , eta gatazkaren irtenbideari begira jarri behar du, eta horretarako ezinbestekoa da euskal preso politikoek jasaten dituzten muturreko egoerak desagertzea.
- Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira, beren eskubide guztiekin!
- Biziarteko zigorra aplikatzeko aukera ematen duen doktrinaren derogazioa. Zigorra bete duten presoak KALERA! Eta zigorren hiru laurdenak bete dituztenak ere KALERA!
- Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak KALERA!
- Isolamendu eta bakardade egoerak desagertzea.
Eragile sozial eta politiko guztiei eta gatazka konpontzeko bidean aurrera egiten jarraitzearen alde dauden pertsona guztiei dei egiten diegu heldu den uztailaren 3an Iruñeko kaleak betetzera. Presoak Euskal Herrian elkartzea eta kartzeletako muturreko egoerak desagertzea larrialdi politikotzat eta, areago, giza larrialditzat jotzen ditugu. Hainbeste familiaren oinazea luzatzea ankerkeria da, eta lehenbailehen amaitu beharra dago. Gure ustez beharrezkoa da kalera atera eta gobernuei eskaera hori egitea.
Igande horretan, uztailaren 3an, eguerdiko 12etan Golem zinemetatik milaka lagun abiatuko gara manifestazioan, presoen eta haien gertukoen eskubideak behingoagatik errespeta daitezen eskatzeko, eta Euskal Herrian nahi ditugula esateko, beren eskubide guztien jabe. Eta herri honentzat bakea nahi dugunez, gatazkaren soluzioa nahi dugunez, ezinbestekoa iruditzen zaigu, halaber, bide honen emaitza arrazoi politikoengatik preso eta errefuxiaturik dauden guztien amnistia eta etxeratzea izatea.
Egin dezagun bidea.
Egin Dezagun Bidea ekimenaren sustatzaileok euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eta Euskal Herrira ekartzea eskatzen dugu, aurreneko pausoa izanen delakoan errepresaliatu politiko guztien amnistia eta etxeratzea lortzeko bidean.