Atzo, 2012-01-02, Baztango Batzar
Nagusia bildu zen eta eguneko puntuen artean garrantzitsuenetakoa Kintoko
herri-lurren edo komunalen desafektazioarena zen. Aldeko 17 bozkekin, aurkako
13rekin eta abstentzio batekin, urrian Batzar Nagusiak hartutako erabakia
berrestea erabaki zen, hau da, komunalen desafektazioari ezetz erratea.
Urriko Batzar Nagusiko
erabakiak zera aipatzen zuen: egitasmoa Aldude Mendi izeneko zainketa bereziko
eremuan dagoela, Europako zuzentarauek babestua eta ez duela zentzurik
horrelako toki batean halako egitasmoak egitea. Bertzalde, proiektua udalez
gaindiko plan sektorial moduan tramitatzen ari direla, tokiko entitateen
autonomia urratuz eta azkenik, gaia auzibideetan dagoela, Nafarroako
Administrazioarekiko auzien epaitegian hain zuzen eta, horregatik, arinkeria
litzatekeela inolako baimenik ematea.
Gaiaren inguruan
Magnako langileen idatzia irakurri zen eta aitzineko erabakia ezeztatzeko
galdegiten zuten UPN eta Ezkerraren proposamenak ere bai. Halaber, Erdiz Bizirik taldearen idatzi bat ere irakurri zen, ondotik, eztabaida eman eta
bozketa eginez.
Batzarkideek salatu
zutenez langileen idatzian batzarkideei buruzko errespetu falta handia zegoen
baita harrokeria ere. Herrietako alkateak enpleguaren defentsan hiltegiari
buruz edo “marmoles del Baztan”i buruz aunitz mugitu direla erantzun zieten
langileei, eta ia beraiek, Magnako langileak non zeuden momentu horietan
galdegin. Multinazionalek sustatutako egitasmo xehatzaileak gogor kritikatu
zituzten, baita Nafarroako Gobernuak mendialdeari buruz izan duen bazterketa
historikoa. Magnak aspalditik bazekiela bere jarduna akituko zela eta asti pila
bat zeukala bere jarduna berrantolatzeko eta bertze produkzio lan batzuetan
hasteko. Batzarkideak arras haserre agertu ziren langileen idatziaren tonu eta
edukiaregantik. Bertzalde, lanpostuei buruz solasean hasita nekazarien
lanpostuak ere aipatu zituzten, horrelako proiektuekin deseginen liratekeenak.
Halaber urriko erabakia hartzeko Zubirirat eta Zilbetirat joan zirela eragile
guztiekin solastatzerat eta alderdi guztien informazioa jaso ondotik erabakia
hartu zutela.
Ezkerrako bi kideei
aitzineko Batzar Nagusiko beraien jarrera zergatik aldatu zuten galdegin
zieten; aipatzekoa da Florentino Goñik Ezkerrako zinegotziak erdaraz
solastatatzeko egin zuen hautua. Ezkerrak bere jarrera aldaketaren berri eman
zuen, beraien kontraesanak agerian utziz. Puntu horretan harrigarria da
“ezkerreko” talde batek nola bat egin dezakeen eskuinarekin –UPN-rekin bere
diskurtsoan, bertze behin Baztango Ezkerraren egiazko izaera agerian utziz.
Zentzu horretan harrigarria da Ezkerraren parlamentuko taldea Zilbetiko basoen
mozketagatik ingurugiro kontseilariaren agerraldia eskatzea parlamentuan, eta
Baztangoak guzti honetan UPNrekin bat egitea.
Batzarrak bertzalde,
aitzineko astean Diario de Noticiasek eta Diario de Navarrak errandako gezurrak
eta egindako manipulazioak agerian uzteko balio izan zuen. Diario de Noticiasen
aitzineko asteleheneko berriak UPNek eta Baztango Ezkerrak Elizondoko Herriari
batzarra galdegin ziotela zekarren eta bi alderdiek hori ukatu zuten.
Bertzalde, Diario de Navarrak aipatzen zuen herritar anonimoen eskariaren
gibelen Baztango Ezkerra zegoela nabarmen gelditu zen.
Urriko erabakia
berretsi ondotik, Magnak Kintoko lurrak desjabetzeko edo espropiatzeko
tramiteak hasi zituela jakinarazi zen, eta horren aitzinean alegazioak
aurkezteko erabakia hartu zen.