Baztango Udaleko Gobernu Taldeak (Bilduk eta Baztango
Ezkerrak) komunikatu bat atera du baztango UPNk agerraldian errandakoari
erantzunez.
Halaxe dio hitzez-hitz:
UPNek egiten duen politika
komunikabideetan titularrak bilatzea bertzerik ez da. Lehenik bilgarria
prestatu eta ondotik bete. Poltroietatik, zesantietatik eta administrazio
kontseiluetako dietetatik bizi direnen ohiko jokatzeko modua.
Erran bezala, lehenik titularra
“etengabeko txapuza” eta alarma sortu; nahiz eta baztandarrek orain artio ikusi
dutena udaletxe ireki, parte hartzailea, hurbila eta eraginkorra izan den.
Nolanahi ere den, titularraren ondotik, estalkia betetzeko, epealdi luze bateko
gisa eta garrantzi desberdineko gertakarien zerrenda; helburua: aitzinetik
egindako irudi faltsu bat hedatzea.
Hasteko udalbatzarren aretoan
egindako prentsa aitzineko agerraldiaren gaia. Udaletxe ireki batean inongo
garrantzirik ez duen afera. Alta, UPNek udalbatzarrean erregearen, hau da
Frankoren oinordekoaren, diru publikoen kontura bizi den horren argazkia
egoteko egiten duen eginahala, UPNek udalari eta baztandarrei dien errespetua
zein den argi erakusten du.
Bertzalde, udal idazkari posturako
hizkuntz eskakizunen joan den ekaineko gaia. Dagoeneko solastatua, argitua eta
konpondua dagoen gaia hain zuzen, nahiz eta akaso ez diren konturatu. Horrekin
batean, udalak oharkabe euskara hutsez igorritako jakinarazpen baten kasua,
zeinak, UPNrendako euskara errusieraren gisakoa dela jakiteko balio izan
digun.UPNren ikusmolde kolonialista horrek euskaldunoi, hau da, Baztango
gehiengoari zenbaterainoko ezinikusia diguten erakusten digu. Aipatzekoa da,
halaber, UPNekoek euskaraz ez jakiteagatik udalak udalbatzarretarako eta
batzordeetarako itzultzaile lanetarako duen gastu erantsia.
Batzorde informatiboen afera serioa
da. Aldi jakin batzuetan udalbatzarraren aitzinetik egitea pasa izan zaigu;
ezbairik gabe hori gure akatsa da eta gure asmoa hori zuzentzea eta udal
jarduera hobetzea da.
Udal batzordeak murriztu direnaren
inguruan, gaia eztabaidan dago eta Nafarroako Administrazio epaitegiak argitu
beharko du. Udal gobernuak egin duena, eztabaida politikoa gutietsi gabe dietak
aurreztea izan da. Orain artio, aldika puntu bakarra zuten edo lau minutu
bertzerik irauten ez zuten batzorde informatiboetarat joateagatik zinegotzi
bakoitzak 100 euro kobratzen zituen. Gure proposamena batzordeetan guttieneko
lan-zama segurtatzeko izan da, horrela 100 euroko ordainketa hori errentabilizatzeko.
Hirigintzako gaiak batzorde zabal horietan ukitzen dira eta Aroztegia eta Elizondoko
1. Banaketa Areari buruzko informazio zehatza nahi badute prentsan beharrean
bertan galdegin beharko dute. Betiere, momentu honetan dozena bat batzorde
ireki martxan daudela azpimarratu nahiko genuke eta horietan ehun herritar
inguruk parte hartzen dutela. Batzorde horietan nahi duten herritarrek parte
hartzen ahal dute eta udal informazioa emateaz gain, proposamenak eta
eztabaidak izaten dira aldiro. Baina erran bezala, titularra, titularra da.
Akten kontuan gure borondatea
gisakorik berriro ez errepikatzea da eta, horretarako, egin beharrekoak eginen
ditugu. Nolanahi ere den, aipatzekoa da lehen aldia dela Baztango udala elebiz
ari dela lanean eta horrek udal tekniko batzuendako lan bikoitza suposatzen
duela. Horregatik Nafarroako Gobernuari aurrekontuetan aurkeztutako emendakin
baten bidez itzulpen lanetarako laguntza eskatu diogu, baina ukatu egin digu;
horrek, udalaren jardun arrunta zailtzen du.
Egindako akatsak guregain hartzen
ditugu, nahiz eta ikusitakoak ikusita, bistan da UPNek “etengabeko txapuza”
dela errateko erabili dituen argudioek ez dutela errealitatearekin bat
egiten. Horrek erakusten duen bakarra UPNek, herritarren alde lanean ari den
udaletxe herrikoi eta ireki honen aurka duen jarrera suntsikor eta erasokorra
da. UPNek, aski modu axolagabean alarma faltsua sortzen saiatu da. Aise gehiago
eta hobe eginen lukete titular handi-mandien partez, Gobernuarekin duten hari
zuzena Baztanen alde erabiliko balute.