GREBA EGUNA SEKULAKO JARRAIPEAN IZATEN ARI DAN BAZTANEN


Langileen eta herritarren haserrea azkeneko lan erreformari buruz, baina orokorrean krisiaren ordainketari buruz agerikoa eta nabarmena izaten ari da. Goizeko 8etan pikete informatiboak Ordokiko industrigunean barna ibili dira, eta azkeneko greba deialdietan ez bezala bertako tailer guztiak eta ostatu-jatetxeak hetsirik zeuden. 15-20 laguneko pikete taldea ibili da soinua eta barrunba sartuz momentuoro Guardia Zibila gibelean zutela.
Goizean pikete taldea Arraiozko Hipersimply merkatalgunean egon da zuzendariarekin eta langileekin solastu ondotik saltokia hetsi dute. Bertzalde, 9etan ikasle talde bat ikastetxetik Elizondorat abiatu da eta BMn Ordokin pikete gisa aritutako herritarrekin elkartu dira Elizondoko komertzioetan barna itzulia egiteko. Elizondoko piketeak informazioa lanak hasiak dituela, komertzio gehienak hetsirik badaude ere, momentuz irekirik daudenak: BM, Dia, Axular eta Artesana; eta Renaulten atea hetsita lanean ari dira.

Bertzalde, goizeko lehen datuen arabera Baztanen greban diren lantegiak eta guneak hauek lirateke: Marmoles del Baztan, Harri Lan, La Baztanesa autobusak zerbitzu minimoekin, Lekaroz-Elizondo sahiesbideko eta Lekarozko eskola zaharreko obrako langileak, Baztango udaletxea eta kultur etxea, Xaloa telebista, Xorroxin irratia, Giltxaurdi kirol instalazioak, BKZko monitoreak, Franzisko Joaquin Iriarte zahar etxeak zerbitzu minimoak; Betiko, Azkarate ikuztegia eta Loizu hiltegia. Elizondoko osasun etxea ere zerbitzu minimoetan. Aipatu modu berean ortzeguneko merkaturik ez dagoela

Hezkuntzari buruz greban diren ikastetxeak: Baztan Ikastola, Baztango herrietako eskola guztiak (Almandoz, Oronoz, Amaiur, Azpilkueta, Erratzu, Arizkun, Gartzain, Arraioz eta Ziga), Elizondoko eskola eta Baztango haur eskola.  Lekarozko ikastetxean irakasleen %82 greban dago. Guttienezko zerbitzuak ematen dituzte guzietan.
Ikasleak %100ean ez dira agertu Lanbide eskolan eta Lekarozen 4 ikasle agertu dira.