GURE ESKUALDEAN ERE EMAKUMEON KONTRAKO JAZARPENAK


Baztango Bilgune Feministak jakinarazi duenez Elizondon otsaila-apirilako hilabeteetan zenbait emakumeak jarraituak izan dira. Salaketa hori eginez eta hausnarketara konbidatuz prentsa ohar bat atera dute . Halaxe dio hitzez-hitz: 
Gaurkoan, emakumeon kontrako erasoez solastu nahi dugu, azken aldian Elizondoko herrian emandako hainbat egoera salatzeko eta hausnarketari bide emateko.

Bizi garen sistema patriarkalean, ttikitatik emakume edo gizon izateagatik rol zehatz batzuetan hezten gaituzte, modu berean, rol hauen hierarkizazioa ematen delarik: genero maskulinoa femeninoaren aitzinean gailentzen da. Botere harreman hauek egiturazkoak dira, eta beraz, bizitzako arlo aunitzetan ematen dira: ekonomian, kulturan, osasunean, harremanetan, komunikazioan, hezkuntzan, politikan, familian,. .
Negu honetan, otsail-apirila bitartean, bakarrik zoazten emakume batzuk jarraituak izan dira larunbat arratsetan Elizondon. Honen inguruan gezur eta zurrumurru aunitz hedatu da herrian, honekin pertsona desberdinak minduz. Uste dugu horrelako egoera delikatu baten aitzinean kontu handiz eta errespetuz jokatzea ezinbertzekoa dela “morboa” alde batera utziz.
Hau gertaera zehatz bat da, baino, momentua aprobetxatu nahi dugu gertakari hau eta gure eskualdean forma aunitzetan ematen den biolentzia matxista salatzeko. Honen aitzinean emakumeok bildu, hausnartu, prestatu eta indartu behar gara: autodefentsa feminista!
Honen haritik jakinarazi nahi dugu Baztanen emakume talde feminista bat sortu dugula eta elkarlanerako zein laguntzeko prest gaudela, baita emakumeok egunerokotasunean jasaten dugun edozein jarrera sexista salatzeko ere. Aipatu ere, Baztango Udalean Berdintasun Batzorde bat lanean ari dela.
Bizi ditugun egoera hauetan emakumeok ez gaude bakarrik! Emakume bat erasotzen dutenean guztiok gara erasotuak! Hortaz, garrantzitsua da elkartzea, solastea, elkarbanatzea eta antolatzea!
Borroka dezagun elkarrekin!!!
 Baztango Bilgune Feminista