HEZKUNTZAKO GREBAK JARRAIPEN HANDIA BAZTANEN


eskolak plazan
Lekarozkoen konzentrazioa





Hezkuntza publikoan Nafarroako UPN-PSNren gobernuak egin nahi dituen murrizketak salatzeko greba deialdiak erantzun zabala izan du Baztanen. Baztango herrietako eskola ttipietan: Oronoz-Mugairek, Arraiozek, Gartzainek, Azpilkuetak, Amaiurrek eta Arizkunek lan uztearekin bat egin dute. Iruritan bertzalde, 11 irakasletik 9 greban ari dira eta, Zigan, erdiak. Almandozen 3tik 2 greban dira eta Erratzun gaurko eskolak herriko plazan eman dituzte.

Erratzuko eskolak plazan
Erratzuko eskolak plazan
Erratzuko ikasleak Iribasi idatzitako eskutitzarekin
Elizondoko Lanbide eskolan, bertzalde, 25 langiletatik 22 greban dira eta, Lekarozko ikastetxean 60 irakasletik 2, nahiz protesta seinale gisa goizeko 11etatik 13etarat Elizondoko plazan eman dituzten eskolak.
Modu berean Elizondoko Franzisko Xabier ikastetxe publikoan irakasleen %70ak lan uztearekin bat egin du eta, haur eskolan, berriz, jarraipena erabatekoa izan da.
Bertzalde Baztan Ikastolak gaur murrizketen inguruan solastatzeko bilera informatiboa eginen du eta, bihartik aitzinerat, egunero goizeko 9:15etan hamar minutuko elkarretaratzea eginen dute beheitiko ikastolaren aitzinaldean. Modu berean, maiatzaren 31an Nafarroako funtzio publikoan deitu duten greba deialdiarekin bat eginen dute.

Aipatzekoa da, halaber, Baztanen barna goizean egin den auto-karabanan 15 autok parte hartu dutela; ondotik, Oronoz-Mugairen eskualdeko gainerakoekin elkartu eta Iruñeako manifestazioarat abiatu dira. Manifestazio jendetsua eta zaratatsua izan da. Aipatzekoa da ere poliziaren presentzia haundia izan dela, murrizketak zertan eginen ez diren argi utziz.
goizeko auto-karabana
Iruñeko manifestazioa