LARUNBATEAN ELIZONDOKO PLAZA BETE


Herrira ekimenak preso eta iheslarien alde indarrak biltzeko Goazen plazak betetzera ekimena deitu du larunbaterako Euskal Herriko plaza guztietan, tartean Elizondon ere. 
Horri buruz gehiago jakiteko Baztango Herrira ekimeneko kide batekin solastatu gara.
Ondorik elkarrizketa osoa irakurtzen ahal duzu:

Larunbateko plazak betetzeko ekimenarekin zer lortu nahi da?

Aurtengo Urtarrilean jendetza ikaragarria bildu zen Bilbon euskal presoen eskubideen alde, eta 2 estatuei presoen hurbilketa, preso gaixoen kaleratzea eta kondena betea dutenen askatasuna eskatzeko. Geroztik, gero eta jende, alderdi politiko eta eragile sozial gehiago posizionatuz joan dira presoen irtenbidearen alde. Halere, estatuek ez dute urratsik eman zentzu horretan. Hortaz, ikusten da Gobernua bere blokeo posiziotik ateratzeko presio soziala ezinbertzekoa dela. Bilbon azkeneko urteetan egin den manifestaziorik handiena egin baldin bazen, larunbata honetan herri bakoitzean, azkeneko urteetan egin den elkarretaratzerik handiena egitea da helburu.

Aitzineko astean agerraldi publiko jendetsua egin zenuten. Baztanen ere preso eta iheslari politikoen inguruko sentsibilizazioa handitzen ari dela sumatzen da?

Bai, gero eta jende gehiagok uste du, aro berri honetan, gatazkak utzitako ondorio guztiei konponbidea eman baher zaiela, gatazka benetan gainditu nahi baldin bada. Azkeneko egunotan kontaktu aunitz izan ditugu sensibilitate politiko ezberdinetako jendearekin, eta orokorrean arras jarrera ona erakutsi dute denek preso politikoen aferarekin.

Herrira mugimendu berria izanik, zertan dago Baztanen? Aurkezpen publikorik egitea aurrikusi duzue?

Sortu zenetik lanpetuak ibili gara, dena den maiatzaren 19ko  ondoko egunetan aurkezpen publikoa egiteko asmoa dugu.