BAZTANGO EZKER ABERTZALEAREN EGOITZA BERRESKURATUA



Baztango Ezker Abertzaleak hamar urteren ondotik estatuak hetsiarazi zuen Elizondoko behitiko karrikako egoitza berreskuratu duela jakinarazi nahi du. Orain hamarraldi bat Espainiako estatuak Ezker Abertzalearen kontrako erasoaldi errepresibo berria abiatu zuen, ordura artio ezagunak ziren mugak gaindituz: alderdi eta erakunde politikoen  ilegalizazioa, komunikabideen hestea… Horrela, Ezker Abertzalearen egitura politiko desberdinak legez kanporatu bidenabar eta politikan aritzeagatik ehunka jende atxilotu, torturatu eta auzipetu, egoitzak ere hetsiarazi zituzten; hori izan zen Elizondokoaren kasua. Gau batez Guardia Zibilen patrol segizio beldurgarri batek beheitiko karrika hartu, egoitzan sartu eta lekua hetsi zuten. Geroztik horrela egon da orain aste batzuk berriz ireki ahal izan den artio. Bistan denez, hamar urte hauetan eraikina arrunt hondatu da: egitura ukitu duten termitak, hautsitako kristaletatik sartu diren hezetasunak… EGINen kasuan bezala, eraikina deseginik dago eta barneko irudia penagarria da. Guzti horrek salaketa gogorra merezi du. Orain, haren konponketaren gastua Baztango Ezker Abertzalearen kidegoak beregain hartu beharko du.

Egoitza hetsita Baztango Ezker Abertzalearen lan politikoa geldiarazi nahi izan zuten eta, ezbairik gabe, horrek, ilegalizazioak eta errepresio orokorrak gure arialdia aunitz baldintzatu du. Alta, trabak traba, Baztango errealitate soziopolitikoan lanean aritzeko borondateari eta konpromisoari eusteko eginahala egin dugu; betiko moduan Euskal Herriaren, langileriaren eta herri sektoreen alde. Alta, egoitza berreskuratuagatik, Ezker Abertzaleak oraino legez kanpo jarraitzen du, horregatik, SORTUren legeztapena eta gainerako antolamenduena lehenbailehen eman behar direla aldarrikatzen dugu. Horretarako, bertze behin, herritarren presioa beharrezkoa izanen da.