Baztango
Ezker Abertzaleak UPNren zinegotzien
taldea murrizketei buruz eztabaidatzeko asteartean egin zen ez ohiko Batzar
Nagusirat agertu ez izana salatu nahi du. Nafarroako UPN-PSNren gobernua
alimaleko mozketak egiten ari da eta horren ondorioak Nafarroako herritar eta
langile guztiak jasaten ari gara. Mozketa ikusgarrienak hezkuntzan eta osasungintzan
izaten ari dira eta horrekin, neketan
eraikitako ongizate estatu eskasa desegin nahi dute. Iruñeako agintaritzako
bulegoetatik UPN eta PSNeko buruek Nafarroako
Kutxa desegin biztartean kutxatik sekulako dietak jaso dituzte; Yolanda
Barcinak lan gehiago egin eta guttiago kobratu behar dela erran, eta bere soldata %33 igan du. Madrilerat ordu
erdi lehenago joateko abiadura handiko trena egiteko ehunka milioi gastatzen
ari diren biztartean Oronozko etengabeko
arretagunea kendu nahi dute edo Lekarozko
ur-hartzea eta Amaiurko ur-depositoa egiteko dirurik ez dela erran… Estura
eta larrialdi egoera honetan Baztango erakunde gorenak, Batzar Nagusiak,
herritarrei eraginen dieten mozketei buruz eztabaidatzeko deitutako ez ohiko
bilkurarat UPNekoak ez agertzea,
ikaragarriko itsuskeria da, jarrera kakati eta koldarra bertzerik ez da;
aurpegia eman behar delarik, nahiago dute gorde eta kukutu. Zentzu horretan, Begoña Sanzberro agertu ez izana bereziki
lotsagarria da. Parlamentaria izanik bera eta, gainera, hainbat zesantia
eta gisako kobratzen, Baztango udalari buruz direnak eta ez direnak erranez
hanpaturik eta harro ibili bidenabar; oraingoan, haatik, murrizketei buruz
solastatzeko herrietako alkateek eskatutako ez ohiko bilkurarat ez da agertu,
eta hori ez da inolaz ere onartzen ahal.