Yolanda Barcina Nafarroako
Gobernuko presidentea eta Jose Iribas
Hezkuntzako kontseilaria Lekarozko enpresa parkearen inaugurazio ekitaldirat etortzekoak ziren eta, horren jakitun, ehunka
guraso, irakasle, ikasle eta herritar
murrizketen aurka protesta egiterat hurbildu dira. Baina azkenean gobernuko
izarren partez ordezko bat igorri dute Lurdes
Goikoetxea Landa Garapen, Industria, Enplegua eta Ingurumen kontseilaria
eta berak jasan behar izan du harat hurbildutakoen haserrea.
300 pertsona inguru elkartu dira eta zartagiak, eltzeak, zurubitoak eta zernahi erabiliz
asotsa ateraz alimaleko burrunba sartu
dute. Ekimenaren berri emateko atzoko gauaz geroztik mezuak airean dantzan
zebiltzan eta iduriz, horren beldurrez eta argazki
desorosoa sahiesteko agintari nagusiek ez etortzea erabaki dute.
Mobilizazioa foruzainez inguratua egin
da baina ez dute inongo arazorik sortu. Baztango udaleko ordezkariak ere
ekitaldian zeuden eta, horien artean, UPNeko
zinegotziak; mozketa sozial basati hauek egin dituen alderdiko kideak hain
zuzen.
Ildo horretan herritarren erantzuna
azpimarragarria da. Azkeneko asteetan mozketen aurka mobilizazio aldi
indartsua bizitzen ari da Baztan: greben jarraipen zabala, elkarretaratze
jendetsuak, ikastetxeetako itxialdiak, eskolak plazan ematea… Dinamika horretan
gaurkoa bertze urrats ikusgarria izan da.
Bertzalde, gaur inauguratu duten enpresa campusaren itxura urbanizaturiko landa
handi batena da. Krisi aitzineko beren planteamendu liluragarrien gibelean
deus ez dago. Horixe izan da egin dutena hustasunaren gainean eraikitako
proiektua, baztandarrekin solastatu gabe
eta baztandarren beharrak zein diren argitu gabe. Ia hemendik aitzinerat
gauzak zuzentzeko aukerarik dagoen!
Mozketa gehiagorik ez
AHTaren sosak behar sozialetarako!!