FISKALTZAK 8 URTEKO ZIGORRA ESKATU DU ERNESTO PRAT ELIZONDARRARENDAKO



Ernesto Prat elizondorrarendako Ekineko ustezko kidea izateagatik 8 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak. Epaiketaren eguna oraino finkatu ez badute ere, orain gutti, Ernestoren auzi berean zeuden hainbat Euskal herritarren epaia atera da, erdiak libre eta bertze erdiak zigortuz. Epaiketa Auzitegi Nazionalean eginen da. Egoera zertan den argitzeko, Ernestorekin solastatu gara.

Zertan dago zure egoera prozesala?
Otsailean, Okzitaniatik entregatu nindutelarik, prozesamendu-autoa komunikatu zidaten Auzitegi Nazionalean, eta eskaera fiskalaren zain gelditu ginen, hori baita ohiko prozedura. Eskaera fiskala orain dela hamar egun jakinarazi ziguten, eta horren ondotik bortz eguneko epea izan dugu defentsa idatzia egiteko. Hau eginik, epaiketa eguna noiz aterako den gelditzen da dena, edozein momentuan izan daitekeela eta hamabortz bat egun lehenago jakinaraziko digutela.
Bizkitartean, baldintzapeko askatasunean nago 25.000 euroko fidantza ordaindu eta gero, astero Elizondoko bake-epaitegian sinatu behar dudala eta estatu espainoletik ateratzeko debekua ezarri zaidala.

Zer eskatzen du fiskaltzak?
Fiskalak defenditzen du Baztango eskualdeko Ekin-eko arduraduna naizela, eta hori frogatzeko gure etxeko miaketan lapurtutako hainbat dokumentu aurkezten ditu, Baztango gazte asanblada edota Belaungo errepidea zein Erdizen egin nahi zuten harrobiaren ingurukoak tarteko. Hortaz, 8 urteko espetxe zigorra eskatzen du, gehi inhabilitazio berezia 8 urtez eta erabateko inhabilitazioa 16 urtez.
Zu auzipetutako kasuko sententzia argitaratu da, erdiak absolbitu dituzte eta bertze erdiak zigortu… ze balorazio egin daiteke?
Sententzia hori ezin da onartu, inondik inora. Batetik talka egiten duelako euskal jendarteak gatazka politikoa gainditzeko dituen gogoekin, eta talka egiten duelako ere Euskal Herrian ireki den ziklo politiko berriarekin. Eta bertzetik, argi ikusten delako aurrez idatzitako sententzia dela, ez baitira kontutan hartu epaiketan zehar egon ziren tortura testigantzak, aurkeztutako probak edota polizia-etxean egindako grabaketak, zeinetan epaileak berak ezarritako protokoloa ez den betetzen.
… Eta egoera hau guztia nola bizi duzu?
Sentsazio gazi-gozoa da. Gozoa ikusten delako egoera berria sendotuz doala, eta euskal jendarteak itxaropenaz bizi duela egoera berri hau, are gehiago lorpen ttiki batzuk izan ondotik, baina sentsazio gazia da ere, Auzitegi Nazionala bezalako iraganeko tresna errepresiboek lanean segitzen dutelako.
Ni ez naiz inor errateko bertzeei zer egin behar duten beren herrian, baina Auzitegi Nazionaleko eraikina bikaina izanen litzateke antzoki bat egiteko, edo zinema batzuk, edo kontzertu-aretoak, edo…