Nafarroako Gobernuak
gaur goizeko 11etan inauguratu behar zen Elizondoko saihesbiderat herritarrak
sartzen ez uzteko agindu du azken momentuan, hortaz, Baztango udal ordezkariak – UPNekoak ez bertzerik- eta gonbidaturik
zeuden herrietako alkateak inaugurazioa ekitalditik lekutu dira. Modu
berean, Nafarroako Gobernuaren hausturaren ondorioz , PSNeko sustapen eta
etxebizitza departamenduko kontseilaria
den Anai Astiz ez da etorri.
Goizeko 11etako polizien presentzi handia zegoen
inaugurazio ekitaldiaren inguruan Foruzainak eta Guardia Zibilak eta, horrela,
Baztan Berri auzotik zubia eskatzeko
protestan abiatuak ziren herritarrak geldiarazi dituzte. Horren berri
jakiterakoan, ekitaldiaren gunean zeuden Baztango ordezkari desberdinak
foruzainen agintariekin solastatzerat joan eta hauek Nafarroko Gobernuaren
aginduak aipatu dituzte. Solasaldi gogor baten ondotik herritarrei ez zietela
pasatzerat utziko erran eta Baztango udal ordezkariak – UPNekoak ez bertzerik- eta
Arraioz, Lekaroz, Elizondo eta Iruritako alkateak bertatik lekutu dira. Hala, Iruñeatik etorritako ordezkari desberdinek
biltzeko inongo arazorik izan ez duten biztartean, Elizondoko herritarrei
pausua debekatu zaie.
Gainerakoan,
saihesbideari buruzko xehetasun teknikoen berri emateko txostena banatu dute.
Azkenean ingurubideak 13.642.000 euroko
aurrekontua izan du nahiz, obrak akituta zenbat kosta den oraino zehazki ez jakin.
Aipagarria da halaber,
saihesbidea egiteko Oharrizen egindako
harrobian lan-istripu larria izan zela eta horren ondorioz langile bat larri
zauritu zela.
Bertzalde eta
dagoeneko ezaguna den moduan ingurubidea Elizondorat sartzeko zubirik gabe egin
eta inauguratu dute; horregatik Elizondoko
Herriak batzarrean, zubia egin artio
Baztan Berriko errepide-adarra ez irekitzeko erabakia hartu eta hori eskatu du.
Nafarroako Gobernutik oraino ez dute argitu aipatu zubia noiz eginen duten.
Modu berean, gauerdian Yolanda Barcinak
Roberto Jimenez sozialista gobernutik kanporatu ondotik, Anai Astizek PSNeko
sustapen eta etxebizitzako kontseilaria dimisioa eman eta ez da iragarri moduan
saihesbidearen inaugurazio ekitaldirat etorri.