Askapenak Baztanen antolatu duen aste
internazionalistaren barnean “Normaltasuna hesi artean” izeneko solasaldia
eskaini zuten Xabier Torresek eta Amaia
Saldiasek. Hitzordua Erratzuko
elkartean izan zen eta hogei lagun
inguru hurbildu ziren. Proiektoreak zein musikak lagundurik, ordu eta
erdiko kontakizuna eman zuten, beren testigantza argazkiekin, mapekin nahiz
bideoekin osatuz.
Hitzaldiaren lehenengo
zatian Palestinako historia azaldu zuten modu laburrean, baita “ekialde
hurbila” bezalako kontzeptuak ere. Sionismoa edota gatazkaren jatorria gainetik
aipaturik gaur egungo mugetarainoko
ibilbidea azaldu zuten, Intifada ezberdinetatik zein Osloko akordioetatik pasatuz.
Hainbat grafikoekin zonaldeko garapen demografikoa
azaldu zuten, Israelgo kolonialismoa
agerian utziz. Koloniak hain zuzen ere, azpiegituren kudeaketa
maltzurrarekin batera zein murruaren eraikuntza, uraren kudeaketa, okupazioa
edota Jerusalemgo jabetza herri
palestinarra itotzeko Israelek erabiltzen dituen tresnak direla aipatu
zuten.
Hitzaldiaren bigarren zatian Amaia Saldiasek eta
Xabier Torresek 2012ko apirilean Palestinara
bertara egindako bidaia kontatu zuten beren argazkiekin lagundurik.
Jerusalem, Deheishéh errefuxiatu kanpamentua eta Hebron izan ziren bisitatu
zituzten lekuak, azken biak Zisjordanian direla.
Aski aberatsa eta interesgarria izan zen solasaldi
guzia eta publikoak aktiboki hartu zuen
parte hizlariei hainbat galdera eginez.