Baztango UPNeko
zinegotzien taldea ez zen agertu atzo murrizketei buruz eztabaidatzeko egin zen Baztango
Batzar Nagusiaren ez ohiko bilkurarat. Baztango herrietako alkatek Nafarroako Gobernua osasungintzan eta
hezkuntzan egiten ari den mozketak larrituta gaiari buruz solastatzeko ez ohiko bilera egitea eskatu eta
murrizketa horiek salatzeko mozio desberdinak aurkeztu eta onartu zituzten.
Baztango Batzar Nagusiko
kideek Nafarroako UPN-PSNren Gobernua osasungintzan egiten ari den
mozketengatik poliki-poliki herrietako kontsultak hesten ari direla eta Oronozko larrialdietako etengabeko
arreta puntua kenduko dutela salatzeko mozioa onartu zuten. Modu berean,
hezkuntza publikoan izaten ari diren murrizketak salatu zituzten. Diru publikoa
espekulazio finantzieroak sortutako zorrak ordaintzeko erabiltzen ari direla
eta ondorioz, hezkuntzan ehunka irakasle
kanporatuko dituztela, klaseko ikasle kopurua handituko, funtzionamendu eta
formakuntzarako gastuetarako dirulaguntzak urrituko… eta guzti horrek
hezkuntzaren kalitatean gogor eraginen duela. Horregatik, Nafarroako Gobernuari
erkidegoak dituen eskumenetan oinarrituta aipatu murrizketak indarrean ez jartzeko eskatu zioten. Bertzalde, heldu
den ekainaren 23an Nafarroako
Gobernuaren murrizketak salatzeko eskualdeko hezkuntza komunitateko eragileek
deitu duten manifestaldira atxekitzera
erabaki zuten batzarkideek.
Gainerakoan,
herrietako alkateek lau urteko planeko
inbertsioak zertan diren galdegin zioten udalari. Garbiñe Elizegi alkateak
erantzun zuen udalak duen zorrarengatik ez duela mailegu edo kreditu gehiagorik
eskatzen ahal eta horregatik, aitzineko
udalak hainbat inbertsio egiteko utzitako sosa urgentzia sozialarean arabera
berrantolatu zituela udalak: Irurita eta Lekaroz arteko ur-eramatea,
Amaiurko ur-depositoa, jendeen bizitzetarako pistak, auditoria energetikoa,
uholdeetako kalteak… Horiek egiteko sosak berezita Nafarroako Gobernuko
herri-lan departamenduko arduradunekin bildu zirela jakinarazi zuen eta, hauek,
aurten horiek egiteko ez zela sosik
izanen erran zieten. Batzarkideak Nafarroako Gobernuarkein haserre agertu
ziren Abiadura Handiko Trenaren gisako obra zalantzagarrietan sosa gastatzen
duten biztartean uraren moduko oinarrizko gaietarako sosik ez dagoelako.
Gauzak horrela eta
aurtengo udan Lekarozen berriz ere ur arazoak sor daitezkeela kontuan hartuta,
udaletik jakinarazi zuten Nafarroako
Gobernuak obrak egiteko dirurik eman ez duenez, erabili beharko diren ur-zisternak
hari kobratuarazten saiatuko direla. Modu berean, kontuan hartuta Lekarozko
Campus enpresarial berriak Lekaroztik ura hartzen duela, udalak jakinarazi zuen
Nafarroako Gobernuko arduraduneri ur
eskasiak hasiz gero Campuserako ur-hornidura moztuko dutela erran zietela,
horrekin pixkat estutzeko eta gaia lehenbailehen konpontzeko.
Batzarkideek UPNeko zinegotziak ez agertzea
gogor kritikatu zuten, baztandarren interesak defendatu beharrean
Nafarroako UPN-PSNren gobernua egiten ari den murrizketen babesle direla argudiatuta; horrela, bereziki, Begoña
Sanzberroren falta aipatu zuten parlamentarioa izanik eta politikari
profesionala huts egitea ez zela inondik ere ulertzen ahal. Gainerakoan,
atzokoan, arrazoi desberdinak tarteko, Erbereako junteroak eta Azpilkueta,
Elbete, Almandoz eta Anizko alkateek ez zuten agertzeko modurik izan.