BAZTANGO UDALAREN ERANTZUNA UPNri

Baztango Udalak prentsa ohar baten bidez UPNk Lizartzuko iskindegiari buruz egindako kritikari erantzun dio. Hauxe dio hitzez-hitz:

Baztango UPNek Lizartzuko komunalaren iskindegiaren gainkostuaz aipatu dituenei buruz Baztango gobernuko taldeak honakoak argitu nahi ditugu
Proiektu hau aitzineko legealdian idatzi zen, ohikoa den moduan, udaleko eta Nafarroako teknikarien artean.
  • Egin beharreko lanaren aurrekontua Nafarroako Gobernuko teknikariekin paratu zen horretarako erabiltzen diren taulak eta erreferentziak kontuan hartuz.
  • Bistan denez, garai hartan, Begoña Sanzberro nekazaritza eta abeltzaintza kontseilaria zen Nafarroako Gobernuan, hortaz, halako proiektuak nola egiten diren eta aurrekontua nola finkatzen den jakin beharko luke.
  • Proiektuak Nafarroako Gobernuaren teknikariaren ongi ikusia izan zuen, hala nekazal azpiegituretarako planerat aurkeztu zen; nahiz gobernuak, ondotik, ez zuen laguntzarik eman.


  • 2012. urtean, Lizartzuko iskindegia berritzeko beharrak premiaturik, udaletxeak proiektua berriz hartu zuen, bertze behin Nafarroako Gobernuko teknikarien onarpena izan zuen eta horrela, egin beharreko lanak eta aurrekontua zehaztu ziren.
  • Nafarroako Gobernuak bertze behin ez du dirulaguntzik eman, horrela, jakinarazi genuen moduan, lanak Baztango Udalak Cederna-Garalurren laguntza batekin eginen ditu.
  • Guzti hau argituta, Begoña Sanzberrok ongi aski dakien moduan proiektu honetan ez dago gainkosturik. Aurrekontua ohiko prozedura jarraikiz finkatu da. Gainera obrak egiteko eginen den lehiaketa publikoan ezarriko da behin-betiko prezioa.
  • Bertzalde, Batzar Nagusiak 1,80 eurorat saldu zituen piketeei buruz, gaia junteroen batzordean azaldu zen, eta bertan parte hartu zuen UPNren ordezkariak ez zuen kontrakorik deus aipatu. Ondotik, salmenta Batzar Nagusiak onartu zuen. UPN ez bada azalpenetarik ohartzen  arazoa ez da gurea ezta baztandarrena ere; hortaz, ez ditugu beren gaitasun falta eta deskalifikazio mediatikoak zertan jasan behar.
  • Guzti hau erranda, UPNek afera aurkezteko erabili duen modu itsusi eta intentzio txarrez betea nabarmen utzi nahi dugu. Alta, jokamodu hori beren udal jardueraren estiloa izaten ari da Baztanen. Beren jokamodua oposizio arrazional batena baino, udal jarduera trabatu eta eragoztea bertze helbururik ez duenarena da. Guztiz axolagabea.