KONPOSTAGAILU KOMUNITARIOAK ARRAIOZEN, ANIZEN, ETA ELIZONDOKO BAZTAN-BERRI AUZOAN


Baztango udalak konpostagailu komunitarioak jartzeko esperientzia pilotuak abiaraziko ditu Arraiozen, Anizen eta Elizondoko Baztan Berrin.
Etxeetako hondakin ornganikoak murrizteko eta konposta egiteko Europako zuzentarauari jarraiki, azkeneko urtean Baztango udalak etxeetan konpostagailu indibualak paratzeko kanpaina azkarra egin du eta, horrela, dagoeneko 168 dira etxeetan konpostatzeko eman diren konpostagailuak. Alta blokeetan bizi diren herritarrek edo lurrik ez dutenek ere ekimenean parte hartzeko erakutsi duten interesari erantzunez, Baztango udalak Nafarroako hiri-hondakinen partzuergoarekin proiektu bat egin eta konpostagailu komunitarioak ezartzeko esperientzia pilotua eginen du. Saiakera Arraiozen, Elizondoko Baztan Berrin eta Anizen eginen da, 6.000 euro inguruko kostua izanen du  eta Nafarroa mailan esperientzia aitzindaria izanen da bertze mankomunitateetarako baliogarria izan daitekeen bidea erakutsiko duena.

Hau guztia egiteko aipatu herri eta auzoetan bilera informatiboak egin ditu udalak eta bertan, udalak, teknikariekin egitasmoaren nondik norakoen berri eman du, denetara 70 herritar bildu dira, eta horietaz gain ekimenean parte hartzeko interesa dutenek urtarrilaren 15a artio izena ematen ahalko dute. Konpostagailu komunitarioa hamazazpi familia-unitaterendako da eta toki bakoitzean bi konpostagailu jarriko dira, horrela, lehena betetzen delarik egostera utzi eta bertzea betetzen jarraitu ahal izateko. Lortuko den konpostarekin erabiltzaileek erabakiko dute zer egin: etxeetako lorontzietarako banatu, auzoko jardinerako erabili…
Gainerakoan egitasmoan parte hartuko duten familiei organikoa ongi bereizteko gidaliburua eta hondakinen ontzia emanen zaie; halaber, konpostagailuak egonen diren tokian informazio-panelak paratuko dira. Toki bakoitzak erabiltzaileen artean hautatuko arduraduna izanen du eta bera arduraduko da ongi konpostatzen ari direna begiratzeaz. Bertzalde, etxeetako organikoak urtsuak direla kontuan hartuta, inausketetako hondarrak xehatu eta material estrukturatzaile idor gisa konpostontzietarat gehituko da. Horretarako Tasubinsarekin solastatu eta hemendik aitzinerat inausketetako hondar guztiak xehatuko dituzte. Modu horretan toki bakoitzeko konpostgunean xehatutako material idorrekin ontzi bat izanen da. Bertzalde konpostgunea non paratu erabiltzaileen artean adostuko da.
Arraioz eta Elizondoko Baztan Berriko kasuan gehienak blokeetako biztanleak dira Anizen berriz jendea etxeetan bizi da, hortaz, Anizen planteatuko dena herriko etxe guztiek konposta egitea izanen da; pausu hori emanez gero, Aniz Nafarroako lehen herrietakoa litzateke.