SAHARATIK 7

Aaiun hiria. Munduko aire libreko kartzelarik handieneko hiriburua. Bi pauso eman orduko, mota guztietako polizi eta militarrekin topo egiten duzun kuartel irekia. Ikaragarria da hiri honetan dagoen presentzia poliziala.
Furgoneta urdinak kale kantoi guztietan; “surette national” deitzen diren indar parapolizialak gora eta behera; militarren 4x4 eta kamioien ondoan, aktuatzeko prest dauden borreroak kaskoak buruan eta borrak eskuan dituztela; polizia sekretua atzerritik datorren ororen atzetik (hau kalera jaitsi eta etxeratzen den arte)... Azken finean, giro itogarria. Ez da harritzekoa, Sahararrek noizean behin desertura alde egiten dutela lasaitasun eta askatasun bila. Momentu oro arnasten den tentsio honek edozein nardatu baitezake.

“Saquia El Hamra” ibai idorraren alde batera hedatzen den hiria da. Ibai honen bi aldeetara, militar Marokoarren kuartel, radar eta klase guztietako eraikinak daude. Hassan II-aren berunezko garaietan, Sahararrak torturatzeko eta erailtzeko erabiltzen zen PC CIMI koartela ere hemen aurkitzen da. Baita gaur egungo aktibistak zigortzeko erabiltzen den eta zoritxarrez hain ezaguna den kartzela beltza ere.
Hemendik ez urrun, ONU-k Saharako gatazkaren konponbiderako sortu zuen komisioaren ( MINURSO deiturikoa) eraikina dago. Deigarria da, neutroa izan beharko lukeen delegazio honen eraikina, Marokoko banderaz inguratuta dagoela ikustea. Agerikoa da misio hau hemen egiten ari dena. Saharar herriak era guztietako errepresioa jasaten duen bitartean, MINURSO-ko arduradunek bertze aldera begiratzen dute itsu, sohor eta mutu geldituz.Benetan lotsagarria. Misio honetako partaideak, hiriko bi hotel garestienetan kokatuak daude. Nagjir hotela eta El Massira hotela. Ironikoa da; El Massira hitzak arabieraz martxa berdea erran nahi baitu. Jende guzti hau Mendebaldeko Saharan egiten ari den gauza bakarra turismoa da, milioika eta milioika dolar gastatzearekin batera.
Nagjir Hotela
Kartzela beltza










Nagjir hotela, hiriaren erdialdean kokatzen da gutxi gora behera eta hemendik hasten da hiria zeharkatzen duen Smara etorbidea. Honen alde batera dago HAY MATALLA auzoa. Auzo honetan, Sahararrak dira biztanleriaren gehiengoa eta bertatik egiten dituzte ekintzaile Sahararrek, eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazio gehienak. Manifestazio hauek, bortizki sakabanatuak izaten dira eta hauetan atxilotzen dituztenak torturatuak eta kartzelaratuak izaten dira.
Presentzia polizial zein militarra gehien nabaritzen den lekua, ( nahiz eta hiri guztia indar okupatzailez josita egon ) Smara etorbidea da. Kale honen alde batera HAYMATALLA auzoa baldin badago, bertze aldera HAYELHAJARI ( gehiengoa Marokoarra) aurkitzen da. Etorbide honek dituen hiru kilometrotan eta lehen aipatutako bi auzo horietara doazen sarrera guztietan, mota ezberdinetako polizia eta militarrak daude egunean hogeita lau orduz.
Hemen aurkitzen da, intifada abiatu zutenez geroztik, Sahararrak kartzelara bidaltzen dituen epaileen justizia jauregia ere.
Hiri honetan giza eskubideak etengabe urratuak dira (Sahara da, ONU-ko kasko urdinak egon eta giza eskubideen urraketak ikuskatzen ez dituen herrialde bakarra).
Kausa Sahararra defenditzen duten ekintzaileek, egunero jartzen dute beren bizitza arriskuan. Jakin badakite, intifadaren irudiak grabatzen, RASD-eko banderak kableetatik zintzilikatzen, paretetan independentziaren aldeko aldarrikapenak idazten... harrapatuak izaten badira, bortizki torturatuak, kartzelaratuak edo agian erailak izango direla. Hala ere, egunero altxatzen dira zapaltzailearen kontra, geldigaitza den mugimendu bat aitzinera eramanaz.
Bere militantziagatik preso egon zen batek zera zion: “preso politikoak, hildako pertsonak gara kartzela barnean”. Esaldi honi zera gehitu geniezaioke: kartzelan hildako pertsonak baldin badira, presoak dira kontzentrazio eta sarraski esparru erraldoi bilakaturiko herrialdean.