ELIZONDON PARATU ZEN KONTRABANDISTEN ESKULTURARI BURUZ

Udaleko Berdintasun batzordeak prentsa oharra argitaratu du Elizondon jarri zen eskulturari buruz. hauxe dio hitzez-hitz:


Elizondon paratu zituzten eta berriz paratu nahi dituzten kontrabandisten eskulturen
harira honakoa erran nahi dugu:

  • Elizondoko herriko Batzarrak artistari 3 eskakizun bete zedin erran zion ("Baztango harri gorriz egina izatea, irudietako batek burukoa eramatea eta emakume bat irudikatzea"). Eskulturak iritsi dira eta lehenengo 2 eskakizunak bete dira, 3.a ez, emakumerik ez dago nahiz eta hori adostu zen.
  • Nafarroako Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I Plana (2006-2010 indarrean dagoena) eredu bihurtzen da edozein Udal Planarako (Baztanen horretan lanean ari gara). Horren arabera, herrien planifikazioan genero ikuspegia txertatu behar da. Horretarako honelako ekintza aipatzen delarik; "Emakumeek herrien eta hirien bizitzan eta historian izandako presentzia eta ekarpena aitortzea eta ikusgai jartzea, gune bereziei, kaleei, eraikinei eta kultur etxeei haien izenak emanez, estatuak eta ibilbide turistikoak ezarriz etab". Baita ere, herrietako emakumei buruz honako aipamena dugu Nafarroa mailan, "Emakumeen laneratzea bultzatzea eta herrietako garapen ekonomikoari egiten dizkioten ekarpenak aitortzea".
  • Estatuko Berdintasun Lege Organikoarekin talka egiten du egoera honek. Legeak erraten baitu "berdintasun-printzipioa nahitaez hedatzea errealitate sozial, kultural eta artistikoaren antolamenduko edozein esparrutara, horietan desberdintasuna sortu edo iraunaraz daitekeenean". Legeak ere, administrazio publikoei ematen die gaitasuna eta konpetentzia berdintasun eza zuzentzeko. Horretarako, "emakumeen ekoizpen eta sorkuntza intelektual, artistiko nahiz kulturalaren inguruko desberdintasun-egoera guztiak zuzentzeko beharrezko ekintza positibo guztiak" martxan jarriko ditu.
  • Historikoki, sozialki, kulturalki, ekonomikoki eta hainbat arloetan emakumeak menperatuak izan garela onartzen da gaia mahai gainean ipintzean baina gero horrelako sorpresak hartzen ditugu. Ez al da afera garrantzitsua? Ez bada legeak diolako, behintzat biztanleriaren %50a izateagatik zor zaigu errespetua eta arlo publikoan, behingoz, presentzia izatea eta emakumeen lana ikustaraztea. Landa eremuan ere emakumeek sufritu izan dute berdintasun aukera falta hori.
  • Ez dugu bertze aukerarik galdu nahi, aspaldi erabaki genuen emakumeen kontrako erasoei aitzinerat egitea eta eraso honek, berriz ere, izkutarazten gaitu arlo publikotik baztertuz. Emakumeek kontrabandoan parte hartu zuten eta hori ukatzerik ez dago (Nafarroako Ogasun Delegaritzan ere, datuak jasota daude).
  • Ez gaude ados emakumearen presentzia baztertzen duenarekin, berdintasun aukerak defenditzen ditugulako (emakume zein gizonentzat). Ez dugu horrelako egoerarik gure herrietan onartzen ahal, ez soilik legeak babesten gaituelako, baizik eta justizia sozialean oinarritzen den aukera berdintasunean sinisten baitugu.
Baztango Udaleko Berdintasun Batzordea, 2013ko otsailaren 14an.