Iruritako Sagues etxeak zailtasun ekonomikoak dituztenendako antolatu ziren baina ikusita funzio hori betetzen ez dutela, udala zerbitzu hori berrantolatzen hasi da. Prentsa agerraldi hontan zer pausu eman diren eta emanen diren azaldu dute Baztango eta Iruritako alkateek eta Zerbitzu sozialetako zinegotzi eta gizarte laguntzaileak.
Hauxe da bertan erran dutena:
Legealdi honen hasieran, Sagues Fundazioak Iruritako herriko
eskaera bat jaso zuen Sagues Fundazioaren etxeen egoera argitu eta antolatzeko.
Sagues
Fundazioa Iruritan dauden Sagueseko etxebizitzak kudeatzeko eratutako entitatea
da. Fundazioaren partaideak Baztango alkatea, Iruritako alkatea, Iruritako udal
zinegotzia eta Iruritako apeza dira. Sagues Fundazioak Iruritan dituen 6
etxebizitza kudeatzea du helburu nagusi.
Fundazioaren
hasierako estatutuetan erraten da etxebizitza horiek “pobrezian” bizi diren
familientzat erabili behar direla. Azken hamarkadetan etxebizitza horiek ez
dute funtzio hori bete eta kudeaketa ez da egokia izan. Herriko eskaria
ikusita, eta Bidelagun laguntza emaile taldeak egindako bertze eskaera baten
ondorioz, etxe horien berrantolaketa eta estatutuen eguneratzea egitea erabaki
da.
Gaur azaldu
nahi dugu zer pauso eman diren orain arte eta zer pauso emanen diren hemendik
aitzin; izan ere, nahiz eta fundazio pribatu bat izan, fundazioa herriko
ordezkariok osatzen dugu, eta etxe horiek bazterketa sozialeko egoeretan dauden
herritarren zerbitzurako izatea da helburu nagusia.
Hasiera
batean, estatutuen moldaketa egin dugu eta “pobrezia”ren definiziorako irizpide
batzuk jarri dira. Horretarako, Nafarroako Gobernuak erabiltzen dituen
irizpideak eta zerbitzu sozialetako teknikarien txostena erabiltzea erabaki da.
Indarkeria matxistaren biktimek eta bazterketa egoeran daudenek lehentasuna
izanen dute, eta kasu horien artean, Iruritako herritarrek lehentasuna izanen
dute.
Erabiltzaileen
egoera soziala urtero aztertuko da, eta egoera soziala hobetzen den momentuan,
etxebizitza horiek utzi eta behar handiagoetan daudenek hartuko dute haien
tokia. Bakoitzak etxebizitzaren eguneroko gastuak ordaindu beharko ditu, bai
eta 100 euro hilean ere, mantenuko gastuetarako. Biltzen den diruarekin
Fundazioak etxearen asegurua (edukitzailea eta erantzukizun zibila) ordainduko
du eta eraikinari egin behar zaizkion konponketak eginen.
Orain bizi
direnen artean, hiru familiek betetzen dituzte irizpideak. Bertze bi hutsik
daude, eta hirugarren batek ez ditu irizpideak betetzen; beraz, etxea utzi egin
beharko du. Momentu honetan badaude etxebizitzaren beharrean dauden familiak eta
horiei utziko zaizkie libre geldituko diren bi. Bertze bat konpondu beharra
dago, eta konpontzen denean, Bidelagun laguntza emaile taldeari utziko zaio,
Emergentziazko etxe gisa erabiltzeko.
Hutsik dauden etxeetan nor sartu behar den
erabaki baino lehen, deialdia egin nahi diogu behar duen guztiari izena ematera
etortzeko, nora eta Baztango Udaleko Zerbitzu Sozialetako Bulegoetara. 15
eguneko epea emanen dugu izena emateko. Horren ondoren, Fundazioak erabakiko du
nori dagokion etxebizitza horiek erabiltzea.