UDAL GOBERNUA SAIHESBIDEA ETA TRAFIKOARI BURUZ

 

Baztango udala osatzen duten BILDU eta Ezkerra taldeek prentsa ohar baten bidez Baztan Berriko trafiko arautegia azaldu dute eta   Diario de Noticias salatu sahiesidea eta Baztan Berrirako loturari buruz idatzitakoa eta errandakoa argituz. Hauxe dio hitzez-hitz:

Bertze behin, hamekagarren aldikoz, Diario de Noticias egunkariaren jokamodua salatu beharrean gaude, oraingoan Elizondoko saihesbidearekin izaten ari den eztabaidari buruz egiten eta kontatzen ari denarekin.

1. Diario de Noticiasen manipulazioak Baztango udal gobernua osatzen duten taldeak Bertan merkatarien elkartearekin etsaitzeko gogoz idatzirik daude. Baina Baztango udal gobernuan gauden taldeek Bertanekin harreman normalizatua dugu, elkarri errespetuz ari gara eta elkarlana bulkatzen dugu. Horregatik Diario de Noticiasek testuinguruz kanpo komatxoen artean jarritako erranen manipulazioa bereziki gaiztoa eta zikina iruditzen zaigu.

2. Saihesbidearen Elizondoko sarreraren kontua afera konplikatua da. Berez Elizondora sartzeko zubia egin beharko litzateke, baina UPNren Nafarroako Gobernuak hori gibeleratu du.

3. Horrela gauzak, saihesbidetik Elizondorat Baztan Berrin barna sartzeko aukera aipatu izan dute zenbaitzuk, eta aukera hori, Elizondoko Herriarekin solastatuta herri batzarrea egitea erabaki zen, 2012ko ekainaren 15ean egin zen eta 100 herritar inguruk parte hartu zuten.

4. Batzarrak zubia egin artio Baztan Berriko sarrera ez irekitzeko erabakia hartu zuen autoen, kamioien eta autobusen sarrerak eraginen lukeen arriskuarengatik eta auzoko karrika estuetarat ekarriko lukeen pilaketarengatik.

5. Baztango udal gobernua osatzen dugun taldeek behin eta berriz erran dugu elizondarrek erabakitzen dutena errespetatuko dugula. Ez dugu  inongo arazorik Baztan berriko adarra hetsia kontzeko edo irekitzeko. Herritarrek erabaki beharko dute hori, erabakia ekartzen ahal dituen ondorio guztiak ongi baloratuta.

6. Bertzalde Elizondoko trafiko nahasmendua zuzentze aldera Bertan merkatarien elkartearekin elkarlanean erosketak eta zamalanak egin ahal izateko plana lantzen ari gara, hemendik guttirat martxan izanen dena.

7. Halaber, Baztan Berri inguru guztiak jasan duen bazterketa bideratzeko eta bertako trafiko aldrebeskeria zuzentzeko Baztango udalak, elizondoko herriarekin eta auzotarrekin  Baztan Berri eremurako barneko trafikoaren arauketa berria eginen du. Horren berri zehatza ondoko egunetan emanen dugu, baina dagoeneko aipatu daiteke lan gehienskoenak eginak daudela.

8. Guztiarekin UPN guzti honetan erakusten ari den axolagabekeria salatu nahi dugu. Eztabaida konplikatu honetan zentzuz aritu eta lagundu beharrean etekin politikoaren bila bertzerik ari ez baita.