EH-PALESTINAREN ALDEKO AGERRALDIA

Baztango eragile kultural, sozial eta politikoek bat egin dute larunbatean eginen den EH-Palestina egunarekin. Bertan, bildutako atxikimenduak eta eguneko egitarauarakin batean elkartasun adfierazpena irakurri zuten:

500 km luze eta 9 metro altuerako harresia, ugaltzen doazen 250 kolonia oldarkor, eguneroko erailketa eta atxiloketek, etxe-botatzeek, lege-sistema baztertzaileek, bonbek eta umiliazioek, Israelen apartheid politika ezaugarritzen dute. Poliki baina etengabe, arabiarrak tantaka odolustu nahi ditu, desiotako lurraldea haietaz garbitu. Hegoafrikan 1992 arte, txuriek beltzekin egiten zuten bezala, gaur. Guzi honi, Gaza eta Zisjordaniatik kanpo errefuxatuak direnen drama gehitu behar zaio. Eskubide zibilik gabe, garaituak, etsituak… “irabazlearen” irrifar krudela dute ordainetan.


Palestinarrei elkartasuna adieraztea beharrezkoa da eutsi dezaten, eta Israelen kontrako presio-neurriak hartu behar dira bere apartheid politikak aldatzen ez dituen bitartean, norbanakotik hasi eta maila guzietan. Palestinarrek eskatzen digute. Ez dezagun bertze aldera begiratu.

Maiatzaren 15 honetan, 1948ko holokausto Palestinarraren 65. urteurrena dugu. Urte hartan Palestinarren hondamendia gertatu zen, Nakba. Juduendako bakarrik izanen zen Estatua sortu nahi zutenek, Sionistek, garbiketa etnikoa burutu zuten alimaleko sarraskiaren bidez, eta betidanik bertan bizi ziren arabiarren %70 errefuxiatu bihurtu zituzten. Gogoz kontra erbesteratu zituzten.

Gaur egun, 65 urte beranduago, 4.500.000tik goiti dira errefuxiatuak dauden Palestinarrak, eta Gaza eta Zisjordania okupatuak ditu Israelek, Nazioarteko Legedia hautsiz eta Giza Eskubideak urratuz. Europako mandatariek bertze alde batera begiratzen dute, eta Israelgo estatu arrazistarekin hitzarmen komertzialak egiten dituzte, Israelgo kirol taldeek Europar ligetan parte hartzen utziz, bertze aunitz tratu onekin batera. Hegoafrika Apartheid politika aldarazi arte presionatu bazuten, zergatik ez dute gauza bera egiten Israelekin? Dirua tartean dagoenean gizatasunarendako ez dago lekurik? Honen aitzinean guri dagokigu, eragile desberdinei, injustizia hau aldatzeko pausoak ematea, pixkanaka-pixkanaka Hegoafrikan eragin zen bezala, Palestinako lurralde historikoa krudelkeriaren eredu izateari utzi arte.

Euskal Herriko eta Eskualdeko hainbat eragilekin batera, maiatzerako hainbat jarduera martxan daude, elkartasun ekintza hau bultzada txiki bat izan dadin irtenbiderako. Gatazka hor dagoela oroitarazteko.

Honen harira, agerraldi honen bitartez, Baztango kolektibo hauek Palestinari Elkartasuna adierazi nahi diogu, eta jendarte guzia Maiatzaren 18an Elizondon ospatuko den EHPalestina egunean parte hartzera deitu nahi dugu.

Elkartasun adierazpen honi eta deialdira atxikitu garen kolektiboak ondokoak gara, jakinik hala ere, gehiago ere gustora atxikituko zinetela:

………………………….

Bide batez eskertu, Palestinari elkartasuna adierazi dieten Lesaka, Bera eta Baztango Udalei.