GREBA DEIALDIA

Prentsa agerraldi baten bidez , ELA, LAB eta EHNE sindikatuek maiatzaren 30ean greba egitera deitu dute:
Krisia hasi zenetik gobernu ezberdinak inposatzen ari dizkiguten politikek emaitza bakarra izan dute: krisian oraindik eta gehiago sakontzea. Bizi dugun egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa, honen aitzakipean martxan jarri dituzten politiken ondorioa baizik. Politika hauen helburua herritarrak pobretzea eta eskubideak kentzea da, betikoek aberasten jarraitzen dutela bermatzeko. 

Madrilgo gobernuak inposatu egiten du eta Gasteiz eta Iruñeako gobernuek inposaketak onartzen dituzte, politika antisozial berdinak aplikatuz. Politika antisozial horiek aldatzera behartu behar ditugu eta horretarako borroka eta mobilizazioa behar beharrezkoak dira. 
Hartu duten bide honek hondamendira garamatza eta jakin badakite, exijitu egiten diegu EAE eta Nafarroako gobernuei beraien lehentasuna bertan lan eta bizi garen langileon ongizatea izatea, banka eta multinazional handien interesak baino. 
Gainera egunero ikusten ari gara nola murrizketak inposatu dizkigutenek gure diruarekin beraien sakelak bete dituzten. Hortxe daude CAN auzia eta dieten afera. Dirurik ez zegoela erran eta gerrikoa estutu behar genuela erran eta bitartean diru publikotik poltsikoak bete dituzte. Bertze aldetik zerbitzu publikoen pribatizazio politiken ondorio, intereses pribatuak osasunaren gainetik jarri dira, hospitaletako janarietan kaka banatzera iritsi direlarik. Beraz ez da dirurik ez dagoela, edota gerrikoa estutu behar dela, baizik eta indarrean dagoen eredu politiko eta soziala gottitik behetti irauli behar dela. 
Krisiaren hasieratik Euskal Herriko gehiengo sozial langilea borrokan dago, eta testuinguru honetan Maiatzaren 30eko greba orokorra beharrezkoa eta ezinbertzekoa da, gobernu ezberdinei altu eta ozen errateko nahikoa dela. 
Baino ezin gara salaketa eta borroka hutsean gelditu eta urrunago joan behar dugu, alternatiba eraiki behar dugu.  Bertze eredu bat posible dela aldarrikatzetik eraikitzera pasatu behar dugu. Bide horretan lehen urratsa Euskal Herriko eskubide sozialen gutuna izanen da, Euskal Herrian egiten ari garen borroka guztiak batzeko tresna izanen dena, helburu argiekin, eskubide sozial eta laboralak errespetatzeko, eta justizia sozialean oinarrituko den eredu berri batera eramanen diguna. 
Ondorioz greba orokor honek indarrak bildu, borrokatu eta alternatiba eraikitzeko bidean bultzada izan behar du. Eredu sozio-ekonomiko propioa, Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat erabakia eta gehiengo sozial langilearen partehartzearekin eraikiko dena. 
Baita ere aipatu da ez dela greba laborala, soziala baizik. Krisi sozio-ekonomiko larri baten aurrean gaudelako eta horrek denei eragiten digu.
Azkeneko Lan eta Negoziazio kolektiboaren erreformek negoziazio kolektiboa blokeatu eta lan baldintzen haustura totala suposatu du.