JENDE ANDANA BILDU DA BERTZE EREDU BAT ALDARRIKATZEN ELIZONDOKO KARRIKETAN

 

Langile herriaren zati bat elkartu gara gaur hemen. Langile herriaren zati batek erantzun dio gaurko greba orokor deialdiari. Ez gaude denak, ez; bistan da; baina langile herriaren jenderik hoberenak hemen gaude. Arranguretatik, alfer solasetatik, itxurazko keinuetatik harago konpromisoak hartzeko prest gaudelako. Prest gaudelako borrokatzeko eta horregatik, zerbait eman eta galtzeko ere bai. Konpromisorik gabe deus ez dago. Antolakuntzarik gabe deus ez dago. Borrokarik gabe deus ez dago. Eta hemen bildu garenok ongi aski dakigu hori.

Kapitala, kapitalistak herriaren kontrako erasoaldian ari dira, okaztagarria da beren ausarkeria; okaztagarria UPN egiten ari dena, CANekin egin dutena, dietak, proiektu xehatzaileak, AHTa, diru publikoen xahuketa; okaztagarria halaber, jende aunitzen otzankeria. Ehunka urtez langile klaseak eta sektore herritarrek kapitalaren morrontzatik libratzeko egindako borrokek Europako ongizate estatuen eraikuntza ekarri dute, estatu soziala, orain ziztuan urratzen ari direna. Hori bai, delako estatu soziala kanpora eta munduari begira inperialismoaren formarik basatiena zuen, munduko gainerako herri eta langileen esplotazioa.
Gaur hemen ez gaude europako langile klasearen lorpen historikoen defentsa hutsa egiteko. Osasun sistema publiko eta unibertsala defendatu nahi ditugu, pentsio duinak, hezkuntza publikoa, lanaren eta aberastasunaren banaketa, herritarren ongizatea bermatzen duten oinarrizko eskubideak… Baina horrekin guztiarekin bat sistema kapitalista hilgarri eta suntsitzaile hau gainditu behar dela ohiukatu behar dugu. Ekonomiaren eta jendartearen antolaketa berria behar dugula. Kapitalistak, oligarkia, burgesia handia… Bai, kapitalistak, oligarkak, burges handiak, solas horietako ohituratu behar gara, bertzenaz ez baitugu deus ulertuko; beren liberalismo eta merkatu librea; beren produkzio bideen jabetza edo propiedade pribatua, lehiakortasuna, aberastasunaren pilaketa, lanaren esplotazioa… logika guzti hori langileen eta herrien kontrakoa dena eta zozoak bezala barneratu duguna.
Langile klasea soziedadeko klase sozial nagusia bada, nola daiteke guttiengo horrek burutik behiti kaka egitea? Ba, Antolaturik ez gaudelako, indarra galdu dugulako, konpromisorik ez dugulako, beraiek bezala pentsatzen dugulako. Beldurra galdu digutelako! Kapitalistek beldurra galdu digute bai, bankariek, oligarkek, finantzieroek… Matalaz xiberotarraren nekazari matxinoek irri eginen ziguten, edo Parisko Komunako proletarioek, Errusian Zarraren palazioa hartu zuten langile sobietikoek; pentsa, Europako kapitalistek 1945ean Berlingo Reistachean ejerzito gorriaren bandera gorria ikusi zutelarik, ikaratu ziren bai, a ze izualdia; 40 urtez iraun zien eta horren arrimuan eraiki zen delako Europa soziala.
Ba oraingo baldintza hauetatik abiatuta langile klaseak eta herri sektoreek gure buruak inoiz baino indartsuago antolatu behar ditugu, ez defentsa soila egiteko, kapitalaren eta patriarkatuaren menperaketa forma guztiekin akitzeko baizik.
Patriarkatua, ongi entzunduzue, bai; aditu ongi solas hau, zeren behin eta berriz ikasi artio aditu behar baitugu. Herriaren erdia hankapean hartzen duen sistema soziala da, emakume guztiak menpean hartzen dituen gure sistema soziala hain zuzen, eta haren gainean historian jabego pribatua eta kapitalismoari eraiki dira. Eta horren ondorioz, ongi goazelarik beti makurrago eta dena makur dolarik inor baino menpekoago eta azpikoagoa egiten dituzte emakumeak, oraingo krisian gertatzen ari den moduan. Pobreziak emakume aurpegia du.
Borroka ez da gehiago kapitala eta lanaren artekoa bakarrik, adiskide feministek erakutsi duten moduan kapitalaren eta biziaren artekoa baizik. Kapitalismoa, esplotazioa, bazterketa soziala, langabezia, lurraren xehakuntza, krisi energetikoa… Horri guztiari kontra egiten diona bizia da, pertsonek eta biziak antolaketa sozial berriaren erdigunean egon behar dute. Jendeen zaintzatik eraiki behar dugu antolaketa sozial berria, orain artio bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak izan diren etxeko lanak eta zaintzak erdian jarriz, ez Volkswagen eta autoen produkzioa, plusbalioa eta hazkunde ekonomikoa.
Ekonomiaren eta produkzioaren berrantolaketa berria behar da, lehentasun berriak paratu, irabazien gainetik bizia; balore aldaketa sakona. Langile herria osatzen dugun herritar guztiek: langabeek, emakumeek, nekazariek, etorkinek, gazteek, prekarizatuek, ohiko langileek… antolatu behar dugu, antolatu, antolatu, antolatu. Gure klase kontzientzia berreskuratu, gure izatea berreskuratu eta proiektu  ekonomiko, sozial eta politiko berria eraiki. Posible da, egin daiteke, eginen dugu. Produkzio bitartekoak sozializatu behar ditugu, ekonomia eta produkzioa demokratikoki planifikatu, balore sistema ez kontsumistak bulkatu, elkarlaguntza eta elkartasuna indartu…
Zutik langile herria. Zutik UPNren ustelkeriaren aitzinean, esplotazioaren, langabeziaren, matxismoaren, murrizketen, lurraren xehakuntzaren, inperialismoare,n kapitalismoaren basakeriarein aitzinean.  Zutik euskal langile herria! Entzun gaitzatela, beldur daitezela berriz kapitalistak!