ORTZIRALEAN ADEL ABOU SALEM PALESTINARRA ELIZONDORAT IRITSIKO DA


Maiatzaren 18an Elizondon eginen den Euskal Herria–Palestina egunaren testuinguruan Adel Abou Salem palestinar errefuxiatua Euskal Herrirat etorriko da. Horrela ortziralean Elizondorat iritsiko  eta bertan emanen ditu bere egonaldiak iraunen dituen egunak; bertan egonik Euskal herriko eragile eta ordezkari desberdinekin hitzartutako agenda politiko beteko du.
Adel Abou Salem, (Libanoko Ein El-Hilweheko errefuxiatuen eremua) Palestinar ingieniarien elkargoko lehendakariordea eta Nuwateko zentru sozialeko zuzendaria. Maiz oharkabean pasatzen den errefuxiatu palestinarren egoera ezagutaraziko du, Libanoko errefuxiatuen egoera hain zuzen. Halaber Siriako guda zibila eskualdean izaten ari den ondorioen berri emanen du, baita Arabiar udaberriak palestinarrendako ireki duen eskenategiaren berri ere.
Baztanen hitzordu hauetan parte hartuko du Adelek

  • Maiatzaren 13an Elizondoko lanbide eskolan eta Lekarozko ikastetxean solasaldiak emanen ditu, Libanoko errefuxiatuen eremuko palestinarraz egoeraz arituko da.
  • Maiatzaren 18an, Inperialismoa, sionismoa eta apartheida solasaldia eskainiko du Elizondon James Petras soziologoarekin batean. Goizeko 11etan Arizkunenea kultur etxean.