"Baztango udal gobernua osatzen dugun
hautetsiok, bertze behin, Baztango UPNek bere blogean argitaratutako
zentzugabekeriak eta faltsukeriak erantzun beharrean gaude, oraingoan,
bailarako aurrekontuei buruz. UPNren idatziak dituen akatsak ikusita, egiten duten
gaien nahasketa, erakusten duten aferen ezezagutza eta erabiltzen duten tonu
erasokorra, UPNren hautetsiak udaletxean aritzeko gaitasunaz serioski
pentsaraztera garama. Baina goazen urratsez urrats:
- Hasteko, Nafarroako UPNren gobernuaren kontuen luzapenak aurrekontu hauek aunitz baldintzatu ditu. Foru gobernuaren ahultasunarengatik eta etengabeko inprobisazioarengatik, diru sailak etengabe aldatzen ari dira eta, horrek, udal aurrekontuak egitea zailtzen du; gehiago oraino Nafarrako Toki entitateen finantziazioa kontuan hartuz gero, zeinean Nafarroako Gobernuak biltzen duenaren %7a bertzerik ez baituen toki erakundeetarat bideratzen. Horrela, gaur egun Nafarroako Gobernuak, adibidez, ez du nekazal azpiegituretarako dirurik bideratu, mendi lanetarako laguntzak zehaztu gabe ditu eta zerbitzu sozialetako laguntzak itoak. Udalek justuki ematen edo eskaintzen dituzten zerbitzuak eta azpiegiturak hain zuzen.
- Hala, hori guztia erranik, Baztango UPN inbertsio faltaz solastatzea irri egitea da. Beren alderdiak CAN desegin duen biztartean eta Nafarroa azpiegitura zentzugabeekin: AHT, Reyno Arena, Itoiz, Los Arcoseko zirkuitua, Nafarroako ubidea… finantza kolapsorat eraman eta herrialdeko kontuak mamusareekin utzi, oraino Baztanen inbertsio faltaz solastatzeko ausardia dute. Guk galdegiten diegu: non dago Elizondoko zubia egiteko dirua?
- Mediku kontsultategiak eta eskolak garbitzen dituzten langileen gizarte segurantzari buruz, udaletxe hau hogei urtez gaia konpontzeko urratsak abiatu dituen lehena izan dela aipatu behar da. Orain bi urte hasi ginen horri buruz lanean, baina gaiak duen konplexutasunagatik nahi baino gehiago gibeleratzen ari da eta, ez preziski udalaren borondatearengatik. Gai horretako diruari buruz UPNek egindako insinuazioak lekuz kanpo daude; aipatu dirua aurrekontuen balantzean aurrezpen garbiaren atalean heldu da. Modu horretan solastatuta UPNekoak lotsagabeen gisa ari dira edo zertaz ari diren bat ere jakin gabe.
- Aurrekontuetan falta omen diren probetxamendu urbanistikoetako 36.525 euroei buruz, UPNek ongi jakin beharko lukeen moduan, Mariano Raxoiren PPren gobernuak onartutako eta UPNek babestutako aurrekontu egonkortasunerako legearen ondorioz udalak ez du diru hori erabiltzen ahal. Eta gehiago dena, UPNren babesarekin diru hori baztandarrei kendu digute. Horregatik ez da aurrekontuetan ageri. UPNekoak bertze behin jakin gabe ari dira solasean edo guztiz onartezina den moduan bertzenaz. Ez da euro bat ere altxaturik!
- Gastu arruntaren hazkundeari egiten dioten aipamenean, hasteko, gastu arruntaren egitura konplexua dela argitu beharra dago eta kontu desberdinei erantzun diola; gurean, baztandarrei zerbitzu eraginkorragoa emateko helburuari hain zuzen. Gure estiloa, Nafarroako Gobernuarena ez bezala ez da zerbitzu publikoak moztea eta administrazio publikoa xehatzea, kontrakoa baizik, horiek indartzea eta bulkatzea.
- Nafarroako Gobernuak tokiko azpiegiturak finantziatzeko dituen programen inguruan, iduriz, Baztango UPNekoek ez dute prentsa irakurtzen eta ez dute beren gobernuak astetik astera egiten dituen murrizketen berririk; mozketa horiek hain zuzen edozein udal planifikazio bideraezin egiten dute. Baina Ziga aipatzen dutenez, erran dezagun aurtengo udal aurrenkontuan aurten herri osoan brea plantxa botatzeko 17.000 euro bideratu direla.
- Isunen bilketari buruz egindako aurrikuspenaz UPNek egiten duten irakurketa bihurria eta gaiztoa da. %30 handitu da aurrikuspena bai, baina kopuru absolutuetan 3000 eurotik 4000rat pasatzea erran nahi du.
Hori guztia
erranik gaitzesgarria da UPNek hilabete osoa (martxoaren 25etik apirilaren
25erat) alegazioak egiteko edukita denbora horretan deus egin ez izana eta,
bere ekarpen bakarra, idatzi manipulatzaile hau bertzerik ez izatea.
Eta gehiago ez
luzatzeko, honetan utziko dugu. Ezbairik gabe UPNren insinuazio eta akusazioek
desinformazioa bertzerik ez dute bilatzen eta gobernu taldearen lana zikintzea."