“HERRIEN BORROKA BIZIAREN ALDEKOA DA”

Carmen Cariño mixtekar herriko ekintzaile feminista eta nekazaria Mexikoko herri indigenen eta nekazarien borrokei buruz aritu zen ortziralean Elizondon egin zen solasaldian. Arizkunenea kultur etxeko sabaian bildu ziren hogeita hamar lagunen aitzinean bere burua emazteki, indigena, nekazari eta mexikar gisa aurkeztuta, bere lekukotza eta borroka izate horretatik kontatuko zuela iragarri zuen, eta hala egin zuen, sakon, zorrotz eta borroka kide eta ahizpa zuen Betty Cariñoren galeraren hunkipenetik.
Betty Cariño giza eskubideen aldeko ekintzailea Oaxaca estatuan dagoen San Juan Copala triqui herriak jasaten zuen sitioa hausteko saiakeran hil zuten. Setioa puskatzeko giza eskubideen aldeko elkarteek antolatutako  giza-karabanan parte hartzen ari zela paramilitarrek tirokatu eta hil zuten. Eraso berean Jyri Jaakkola finlandiar kazetaria ere hil zuten eta hamarnaka zauritu izan ziren. Geroztik hilketa horien erantzunkizunak ez dira argitu eta zigorgabetasuna Estatuaren babesarekin indartzen ari da.




Bettyren hilketa testuinguru zehatzean gertatu zen, azkeneko hamarkadetan herri indigenek beren autonomiaren alde egiten ari diren borroken testuinguruan hain zuzen. Mexikoko jatorrizko herrietan lurraldearen %60a pilatzen da eta  bertako aberastasunaren xerkan ari diren interes ekonomiko handiekin gatazkak ugaritu dira. Estatuak eta interes ekonomiko handiek zeinahi bide erabiltzen dute, gisa guztietako indarkeria barne indigenen eta nekazarien aurkokatasuna errausteko.
Herri indiginen eta lurraldearen defentsarako borrokak iragan mendeko laurogeita hamargarren hamarkadan, mugimendu zapatistaren agerpenearekin indartu ziren. Zapatisten agerraldiak bertze herriak, mugimenduak eta lurraldeak inarrosi zituen eta ondorioz borrokak alde guztitarat barreiatu ziren. Bertzeren artean indigenen mugimendu nazionala sortu zen, herri indigenaren autodeterminazio eskubidea eta lurraldearen defentsa aldarri nagusi gisa hartuta.


San Juan Copala eta Triqui herria
Herri indiginen autonomiaren aldeko borroken eta errepresio bortitzaren adibide argia San Juan Copalako komunitatea eta Triqui herria dira. Oaxacako estatuan dagoen Trique herriak antolakuntza eta borroka ibilbide luzea du; 1994 zapatistak altxatu zirelarik, beraiekin bat egin zuen lehen herria izan zen, beren autodefentsako erakunde armatua zapatisten zerbitzurat jarriz. Horren guztiaren ondorioz Triqui herriak alimaleko erasoaldia jasan zuen. Iragan mendeko laurogeita hamargarren hamarkadatik XXI. mendearen lehen hamarkada bitartean mila herritar inguru erail dituzte; denera Trique herria 20.000 pertsonek osatzen dute. 2007an herriak bizi zuen errepresio bortitzari eta zatiketari aterabidea emateko Oaxacako Herrien Herri-Batzarrarekin (APPO) bat egin zuen, indarkeria gelditzeko asmoarekin bere burua udalerri autonomo gisa eratuz. 2008an La voz que rompe el silencio irrati komunitarioa sortu zuten eta urte bat geroago bertan aritzen ziren Felicitas eta Teresa ekintzaileak erail zituzten. Errepresio eta hilketa olde berria hasi zen: emaztekiak, gizonkiak, haurrak hil zituzten. Horren aitzinean komunitateak bere buruaren defentsa baketsua sustatu zuen. Nolanahi ere, 2009. urtean errepresioak jauzi berria eman eta herria setiatu zuten, militarki inguratu zuten. Argia, ura, elektrizitatea, elikagaien hornidura eten zituzten. Setioa puskatzeko helburuarekin Mexikoko giza eskubideen aldeko elkarteek giza-karabana antolatu zuten eta herrira sartzekotan zirelarik, paralimitarrek tiroka eraso eta dagoeneko aipatu ditugun Betty Cariño eta Jyri Jaakkola erail zituzten. Geroztik indarkeriak eta herritarren hilketak bizi-bizi jarraitzen du Mexikon.
Nolanahi ere den, azkeneko hamarraldietan Iberdrola, Fenosak eta nazioarteko bertze enpresa handiek lurralde horretako natur-baliabideak eskuratzeko eta solas berdeenpean egitasmo suntsitzaileak burutzeko nahiari aurre eginez

Carmen Cariñok bere ahizparen solas batzuk gogora ekarriz akitu zuen mintzaldia “beraiek heriotzaren alde borrokatzen duten bitartean, guk biziaren alde borrokatzen dugu. Herrien borroka biziaren aldekoa da”