BAZTANGO UPN EZ DA MEHATXUAK SALATZEKO BATZAR NAGUSIRAT AGERTU


Baztango UPNk Garbiñe Elizegik Baztango alkatea eta Batzar Nagusiko presidenteak eta Mikel Sobrinok Elizondoko zinpeko alkate eta Batzar Nagusiko kideak jasandako mehatxuak gaitzesteko atzo egin zen Batzar Nagusiaren ez-ohiko bilerarat ez agertzea erabaki zuen. Alta, lehentxeago udaleko osoko bilkuran aipatu gaiaren inguruko mozioa aurkeztu eta eztabaidan egon zen. Ondotik elkartasuna adierazteko eta mehatxu faxistak salatzeko elkarretaratzean jende ausarki bildu zen.
Mehatxuak instituzionalki salatzeko Batzar Nagusiaren ez-ohiko bilera egin zen eta udaleko osoko bilkurarako UPN eta Bilduren mozioak sartu zituzten. UPNek Batzar Nagusian egoteari uko egin zion eta jarrera hori gogor kritikatu zuten Batzar Nagusiko kideek. Hitz hartze desberdinetan UPNek Batzar Nagusiari errespetu falta ikaragarria erakutsi ziola salatu zuten eta aski larria zela huts egite hori. Mehatxu hauek salatzeko berezko tokia Batzar Nagusia dela azpimarratu zen, hori baita Garbiñe Elizegik eta Mikel Sobrinok elkarrekin parte hartzen duten Baztango erakunde bakarra. Mehatxuen inguruan UPNek duen egiazko jarrera zein den nabarmen gelditu zela adierazi zuten.
Batzar Nagusian landu zen mozioa aitzinetik udaleko osoko bilkuran eztabaidatu zen bera zen. Mozioan Baztango hautetsiek jasandako mehatxuak ikurriñaren kontra hainbat eragilek, UPNek eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaritzak, abiatutako estrategiaren testuingurua aipatzen zen; horrela, Ikurren legeak  Herriko eta Balleko etxeetan ikurriña jartzeko debekua ezartzeaz gain Espainiako bandera urteko egun guztietan paratzera derrigortzen du, praktikan ikurriñaren kriminalizazioa bulkatuz eta Espainiako proiektua nazionala euskal herritarrei inposatuz. Batzar Nagusian bertan ziren hogeita bi kideek mozioa aho batez onartu zuten. Udaleko osoko bilkuran berriz eztabaida tenkatu baten ondotik mozioaren alde Bildu, Ezkerra eta NaBai 2011 agertu ziren, UPNek aurka bozkatu zuen. UPNek berriz, mehatxatuei elkartasuna adieraziz eta jazarpen oro modu orokorrean salatuz bertze mozioa aurkeztu zuen, kasu honetan UPNren, Ezkerraren eta NaBai 2011ren aldeko bozkekin eta Bilduren abstentzioarekin onartu zen. Mozio hori eztabaidatuta NaBai 2011k frankismoaren krimenak ikertzeko abiatu den nazioarteko kereila babestea proposatu zuen; mozio horrek UPNren abstentzioa jaso zuen.
Ekimen instituzionalaz gain Baztango udalak mehatxuak salatzeko deitu zuen elkarretaratzerat 150 herritar inguru hurbildu ziren, tartean eskualdeko hautetsi aunitz. Kontzentrazioa Faxismoari stop. Mehatxurik ez lelopean egin zen eta pankartaren alde batean mehatxuen zioa izan den ikurriña bat zegoen. Ordu erdi baten ondotik Garbiñe Elizegiren eskertza eta gero elkarretaratzea esku-zartaka akitu zen.