Diario de Navarra egunkariak Baztango LOEE edo
Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua onesteko prozesuaren berri eman du
atzo eta hitzez hitz dio Udal hau dagoela “aldatu
nahi dituen bi proiekturi kalte-ordainak ematearen arriskupean”. Alabaina,
nahiz eta egia izan Baztango Udalaren Hirigintza Plan berria prestatu duen
lantaldeak horrelako ohartarazpen bat egin izana, ohar batzuk egin beharrean
gaude, zertarako eta albiste horretan aipatzen diren bi espedienteen egoerari
buruzko interpretazio okerrari erantzuteko.
Egia erran, bi hirigintza-jarduketa dira eta biak
ere, gaur egun, errekurtso administratiboetan edo judizialetan sarturik daude.
Erran nahi baita, ez dakigu zehatz-mehatz etorkizunean bideragarriak izanen ote
diren. Lehen instantzian, hirigintza-jarduketa horiek UHP edo Udalaren
Hirigintza Plan berriaren aurreikuspen estrategikoetatik kanpo uztea aukeratu
da, hainbat arrazoi direla medio: hain zuzen ere, parte-hartze prozesuak, udal
teknikarien irizpidea, udal gehiengoaren iritziak eta afektatuak dauden herriak
(Lekaroz eta Elizondo) izan duten kontrako jarreragatik, bi jarduketa horiek
kontraesanean baitaude proposatu den lurralde okupazioaren ereduarekin (LOEE).
Hirigintza-jarduketa horietako edozeinek erabateko bideragarritasun juridikoa
lortuko balu, Udal honek behar bezala baloratuko luke eta horri nola heldu
erabakiko luke. Betiere, eta argi eta garbi geldi dadila, kalte-ordainen
suposizioa arrunt errefusatuz.
Bertzalde, lantalde prestatzaileak deskribatu duen
aukera hori iritzi hutsa da; hau da, Udala, bi kasuetan, kalte-ordainen
suposizio batean eror litekeela. Iritzi horrek badu zerikusia lantalde
prestatzaileko ordezkaria Palacio de Arozteguía enpresaren aholkulari juridikoa
izatearekin, enpresa hori izaki golf zelaiaren eta horri lotutako 255
etxebizitza eraikitzeko proiektuaren sustatzailea. Ez gaude inola ere ados
iritzi horrekin, eta eztabaida hori auzitegietan ebatziko da. AR-1 proiektuari
dagokionez, bertzalde, Udal honek ere ez du uste kalte-ordainen suposizioa une
honetan dagoenik; gainera, jabe sustatzaileak Banaketa Eremu horretarako
planeamendua aldatu nahi duen arren, behin betiko onespena ere ez du jaso.
Honengatik udal honek gutxi batzuen interes ekonomikoengatik hirigintza
baliabideen erabilera arduragabea egin beharrean herritarren gehiengoaren
interesak defendituko ditu. Aldi berean, gai honen inguruan zalantzak dituzten
guztiak bilera informatiboetan partehartzera gonbidatzen ditugu.